Urmendi Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan integratuko da
Haurreskolak Partzuergoak ezezkoa eman dio bera Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzeko udalak otsailean egindako proposamenari.
Urmendi Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan integratuko da; horixe bera jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Azaldu du Haurreskolak Partzuergoak ezezkoa eman diola hura Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzeko udalak egindako proposamenari, bere estatutuek horrelako aukerarik ematen ez dutela argudiatuta.
Hori horrela, udala Hezkuntza Sailarekin lanean hasi da Urmendi Haur Eskola Haurreskolak Partzuergoan sartzeko. Atzo bertan egin zuten lehen lan bilera eraikinak ezagutu, aztertu eta integraziorako gai eta lan administratibo nagusiez jarduteko.
“Erakunde publiko bati dagokion erantzukizun eta ardura instituzionaletik eta Urmendiren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko helburuz, konfiantzan egin nahi du udalak prozesua Haurreskolak Partzuergoarekin, eta lehen bileran elkarlanerako borondatea erakutsi dute bi erakundeek. Bestalde, Urmendiko langile zein familiei ahalik eta arretarik handiena eta zuzenena eskaini nahi die udalak prozesu honetan”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar Oiartzungo alkateak.

