Dena prest VI. Landarbaso Trailerako
Igandean sona hartzen ari den mendi probaren VI. ekitaldia jokatuko da. Lasterketa 10:00etan irtengo da Listorretako aparkalekutik.
Igandean (hilaren 3an) Urdaburu Mendizale Elkarteak antolatzen duen Landarbaso Trail mendi lasterketaren VI. ekitaldia jokatuko da. 18 kilometroko mendi proba bat da, 900 metroko desnibel positiboa duena. Lasterketa 10:00etan irtengo da Listorretako aparkalekutik, eta leku berera iritsiko dira lasterkariak. Antolakuntza buru-belarri ari da lanean igandean dena prest izateko, eta “gogotsu” daude sona hartzen ari den lasterketaren VI. edizioa egiteko.
Antolakuntzak, ohi bezala, 250 dortsal jarri zituen lasterkarien eskura. Horiek ziztu bizian agortu ziren, lehen lau orduetan bukatu baitziren. Horrez gain, 50 parte hartzaile itxaron zerrendan geratu ziren, zenbaki baten esperoan.
Dortsal horiek bihar (larunbata) hartu ahal izango dira Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Horrez gain, lasterketaren egunean ere hartu ahal izango dira Listorretan, 08:30etik 09:30era.
Listorretako aparkalekua mugatua da, eta antolakuntzak dei egin die lasterkariei eta ikusleei autoak partekatzeko. Listorretan kontsigna zerbitzua eskainiko du antolakuntzak, eta dutxak ere jarriko dituzte lasterketaren ondorenerako. Parte hartzaile guztiak helmugara iritsi ondoren, 13:00ak aldera, sari banaketa ekitaldia egingo da Listorretako aparkalekuan.
