[Helmugako argazkiekin] Probatu ez duenak, ez daki zer den hau
Gaurko Landarbaso Trailen helmugako argazkiak biltzen izan da HITZA. Hemen, iritsi diren guztien 212 irudi.
Probatu ez duenak, ez daki zer den hau. Esaldi hori bera jaso zuen Negu Gorriak taldeak, bertso moduan, Gora herria! abestian. Bada Landarbaso Trailekin, eta mendiko lasterketekin oro har, gauza berbera esan daiteke. Maldak, ahalegina, lokatza, belardiak, Landarbasoko kobak, asfaltoa, errekastoak, harriak, izerdia, haitzak… eta bukaera-bukaeran, poza. Irribarreak, esku estutuak, bostekoen banaketa, ukabilen bat zerura, malkoren bat, falta den baten bat gogoan… Latz pasa arren, laztasun horrek muga bat duela jakinda beti. Helmuga du izena azken muga horrek lasterketetan. Arnasa bere horretara iristeko unea da. Zerbaiten bukaera, baina aurretik askoz gehiago izateko beta emango duen zerbaiten hasiera. Horrek guztiak bat egin du gaur Listorretan. Baina, probatu ez duenak, ez daki zer den hau.
HITZA gaurko Landarbaso Trail mendiko lasterketaren helmugan izan da, han, Listorretan. Bertan jasotako 212 irudiak, hemen, zuentzat. Ahaleginez, sentimenduz eta izerdiz betetako irudiak jaso ahal izan dira azken metro horietan.
