Auzoetako festak, besteak beste, maiatzeko agendan
Sagardo Eguna, Atsolorra edota ikasturte amaierako zenbait jarduera ere izango dira hilabete honetako Oiartzungo aisialdiko agendan.
Maiatzean sartuta, Oiartzunen auzoetako jaien txanda izango da; izan ere, Arraguako jaiekin hasi, eta irailaren amaieran Ugaldetxoko jaiak izan arte, auzo guztien txanda izango da, banan bana. Hori horrela, dagoeneko aurreratu dute Arraguako jaiak hilaren 22tik 24rako asteburuan izango direla.
Horretaz gain, baina, beste hitzordu batzuk ere izango dira agendan, hala nola, Atsolorra eta Sagardo Eguna.
Gainera, Elizalde eskola bere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta hilabete honetarako hiru hitzordu antolatu dituzte: Elizalde Eguna, Etorkizunari begira erakusketa eta Eskubaloia plazara jardunaldia.
Era berean, sehaska kanten tailerra eta Kantagiltzako bi emanaldi ere izango dira maiatzean: Alaitz eta Maider eta Ruper Ordorika eta Sarriren Zai Zoi Ele. Hots, zenbait liburu aurkezpen eta bertso saioa ere izango dira.
Landetxen, besteak beste, launa antzerki obra eta film ikusteko aukera izango da, eta Antton Telleriaren Ninini bakarrizketa hilaren 15ean izango da.
Bestalde, Labore Oarson bigarren arropa truke azoka eta gure monetaren aurkezpena egingo dituzte. Haatik, aire libreko ekitaldiak gustuko dituenak Munuandiko erromeria, Arkaleko plater tiraketa eta Luberri museoak Errioxara antolatu dituen irteera geologikoa izango ditu.
Saio praktikoagoak nahi dituenak, berriz, larrialdiei aurre egiteko ikastaroa edota doluaz eta heriotzaz hitz egiteko jardunaldia izango ditu.
Egin klik esteka honetan Oiartzungo maiatzeko agenda osorik ikusteko.
