Elizaldeko zuhaitzei buruz
Elizaldeko patioko zuhaitzen egoera kaxkarra salatu du herritar batek, eta udalari dei egin horiek konpontzeko.
Elizalderen 50. urteurrena ari dira ospatzen ikasturte honetan, eta dozenaka jarduera iragarri dituzte kurtso amaierara bitartean.
Jarduera horietako asko Elizalden bertan egiten dituzte, baina hilaren 2an eskolako patioko zuhaitz bat erori izanak kezka sortu du Elizaldeko komunitatea osatzen duten zenbait pertsonengan.
Zuhaitza erditik erori zen, baina jakinarazi dute erorketaren momentuan inor ez zegoela inguruan eta ez dela “ezer txarrik gertatu”.
Afera horren ondorioz, baina, herritar batzuk patioko gainerako zuhaitzak ikustera joan, eta konturatu dira “besteen egoera ere arriskutsua dela. Batzuk erabat lehorrak daude, beste batzuk enborrak okertuak dituzte, beste batzuk ustelduak, eta beste batzuen lekua hutsik dago, desagertu egin direlako”.
Are, jakinarazi dute eskolaurreko zuhaitzen egoera “penagarria” dela “ez dutelako zaintzarik jaso duela urte askotik; okertuta ez dagoenak adar erdiak lehorrak ditu, eta besteak kontrolik gabe hazi dira. Nabarmena da adarren hazkunde desorekatua. Udaberrian gaude, baina nabarmenak dira hostoen falta eta adarren luzapen deskonpentsatua”.
Hori horrela, eskolako haurrak babestuko dituen itzalak falta direla salatu dute, eta, gehitu, udalak adar lehorrak moztu beharko lituzkeela “haurren gainera erori baino lehen”.
Honela amaitu dute: “Elizalderen 50. urteurrena ospatzen ari gara. Gure haurrek patioaz kezkarik gabe goza dezaten, txoko bakoitza aprobetxatzea nahi dugu, itzalpean elkarri bizitza kontatu eta partekatu ahal izateko. Horretarako, udalari dagokion erantzukizuna bete dezala eskatzen diogu: Elizalde eskolako patio segurua “.
Honakoak dira zuhaitzen egoeraren berri emateko hedabideari bidali dizkieten irudiak:

