Dena prest Moliño Festarako
Larunbatean Antxoko Topaguneak antolatutako festa egingo da barrutian, egun osoz. Eguneko jarduera nagusia Moliño Trail mendi lasterketa izango da. Lasterkariak 10:00etan irtengo dira, Ibaiondotik.
Larunbatean (hilaren 9an) Antxoko Topaguneak sustatutako Moliño Festa egingo da Antxon. Egunean zehar hainbat jarduera egingo dira, eta ekintza nagusia Moliño Trail mendi lasterketa izango da. Topaguneak Pasaiako Udalaren, Bokaleren, Papineko Gazteriaren eta Txinparta guraso taldearen laguntza izan du eguna egikaritzeko.
Topaguneak Moliñomari izeneko pertsonaia sortu zuen Antxoko sanferminetarako. Moliñomarik Topagunearen baloreak (feminismoa, euskara eta parte hartzea) biltzeaz gain, herritarrengan naturaren zaintzaren eta ekologismoaren kontzientzia piztu nahi duela jakinarazi du udalak. Pertsonaia hori da Molinaoko zaindaria, eta Topaguneak gorazarre egingo dio bere izena daraman lasterketa antolatuz eta bere inguruetatik pasaz.
Moliño festak, gainera, hainbat helburu dituela zehaztu du udalak: herritarren parte hartzea, auzolana, espazio publiko naturalen balioa, ingurumenaren zaintza edota dinamizazio kulturala eta soziala.
Mendi lasterketa
Moliño Trail 12 kilometroko proba bat da, 350 metroko desnibel positiboa duena. Parte hartzaileak 10:00etan irtengo dira Ibaiondo plazatik, eta leku berera iritsiko dira. Lasterkariek Molinaotik San Markora joko dute, eta gotorlekuari bira eman ondoren, Antxoko herrigunera itzuliko dira. Lasterketaren osagarri, familientzako irteera bat antolatu dute San Markora, denak elkarrekin igo, hamaiketakoa hartu eta parte hartzaileei sostengua emateko.
Aldaketak trafikoan
Moliño Trailek eragina izango du Antxoko trafikoan. Lasterketa 10:00etatik 12:15era bitartean izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Aurrez aipatu bezala, Ibaiondotik abiatuko dira, eta Gelasio Aranburu kalea hartuko dute trafikoaren noranzkoaren aurka. Horretarako, eremu horretako trafikoa erregulatuko da 09:50etik 10:05era eta 10:45etik 12:15era bitartean. Luzuriaga atzeko aparkalekuan ere trafiko mozketak izango dira ordutegi berean.
Aparkalekuak
Antxokoak ez diren parte hartzaileei garraio publikoa erabiltzeko deia egin die udalak. Hala ere, antxotarren egunerokoan ahalik eta eragin gutxiena izateko helburuarekin, behin-behineko aparkaleku bat egokituko da Lizeoaren kanpoko kirol zelaian, Usozen.
Euria egingo balu, antolakuntzak Moliño Trailen sareetara adi egotea eskatu du, azken orduko aldaketak egon daitezkeelako.
Moliño Festa
Hilak 9, larunbata
- 10:00: Moliño Trail lasterketa, Ibaiondotik abiatuta.
- 10:05: Moliñomariren hazien bila. 12 urte arteko haurrentzat jolasa herrian zehar.
- 12:15: Sari banaketa.
- 13:00: Kalejira Molinaora.
- 13:30: Haurren bazkaria.
- 15:00: Helduen bazkaria. Ondoren, jolasak.
- 18:00: Tapia eta Leturiaren kontzertua.
- 20:00: Kalejira herrira bueltan, Joselontxos txarangarekin.
