Euskararen normalizazioa sustatzeko, 'Esnatu Oiartzun' herri batzarra
Oiartzungo euskararen egoeraz aritzeko eta herritik zer egin daitekeen aztertzeko elkartuko dira hilaren 23an udaletxeko areto nagusian.
2025eko Euskararen eguneko Oiartzungo herri argazkia. Oiartzungo Euskalgintzak herri batzarra antolatu du euskararen larrialdi egoera aztertu eta pizkundearen beharraz jarduteko. “Azken ikerketek eta datu soziolinguistikoek alarma guztiak piztu dituzte: euskara larrialdi egoeran dago, minorizazio gorrian, eta arnasguneen gainbeherak ez du etenik. Larrialdi linguistikoaz hitz egiten dugu, baina baita pizkundearen beharraz ere”, diote.
Oiartzungo Euskalgintza ez dagoela geldirik eta hala egongo ez dela nabarmendu dute antolatzaileek; horren adibide hilaren 23rako antolatu duten herri batzarra.
Udaletxeko areto nagusian izango da hitzordua, 10:00etan, eta honakoa izango da gai zerrenda:
- Oiartzungo ibilbidearen laburpena
- UEMAren irakurketa eta Esnatu dinamikaren azalpena (UEMA)
- Oiartzungo Euskaltzaleon Sarearen aurkezpena (Ttur-ttur)
- Talde lana: guretik zer egin dezakegu?
