«Ezinbestekoa da HITZA ingurukoaren berri jakiteko»
Euskalgintzan eta hortaz, herrigintzan, buru-belarri ari da Maritxu Oiartzun Minguez oreretarra; Xenpelar AEK euskaltegian irakasle da. Ezinbesteko jo du Hitza, haren esanetan gertaera garrantzitsuen ondorengo horretan izaten delako, herrian gertatzen denari balioa emanez.
Maritxu Oiartzun Minguez HITZAkidea Zein arrazoik eraman zintuzten HITZAkide izatera?
Beti kontsumitu izan dut Hitza, eta euskaltegitik etorri zitzaigun eskaintza ondoren. Oso-oso beharrezkoa ikusten dut tokiko hedabidea etxean jaso ahal izateko eta nahieran irakurri ahal izateko. Oso gustura nago.
Zein ekarpen egiten du HITZA-k?
Batez ere hitza ematen die gure inguruko herriei, ohiko hedabideez gain badelako bertakoa edo inguruan gertatzen denari buruz jakiteko iturri garrantzitsu bat, zer gertatzen den inguruko kaleetan, bertako herritarrekin, zein iritzi duten… Ingurukoaren berri, gertukoaren berri jakiteko ezinbesteko hedabidea dugula uste dut.
Euskalgintzan ari zara lanean, irakasle zara. Euskaltegian, ikasleekin HITZA erabiltzen duzue saioetan, ezta?
Bai ,hala da. Batez ere gurekin edo Oreretarekin lotutako gaiak jorratu direla baldin badakigu, orain De Cyne Reynarekin gertatu den bezala, saiatzen gara horiek klaseratzen. Gertatzen den horren berri gertutik ezagutzeko modurik egokiena eta naturalena da. Hitza-k, gainera, egundoko ekarpena egiten dio hizkuntz normalizazioari.
Irakurri ahal izatea zure ondoko dendariari gertatutakoa, edota herritar batek duen iritzia euskaraz, modu garbi eta natural batean egundoko altxorra da; eguneroko gaien inguruan ari garelako, eta ikasteko behintzat zer hobe gertukoa eta ezagutzen duguna baino.
Irakurterraza al da ikasleentzat HITZA, edo kexurik jaso duzu zaila egiten zaielako?
Kexatzea librea da. Batzuk zailagoak izan badaitezke ere, lerroburu esanguratsuak izaten dira eta formatua ere lagungarri izatean da. Agian erreportaje edo artikulu guztia ez bada ere, pasarte txikiak edo lerroburuak klaseratzeko egokia da.
Paperekoa edo Interneta?
Erromantizismotik, paperean beti; liburuak, egunkariak… paperean irakurtzen ditut. Egia da egunerokoak jaten gaituela, eta digitala edukitzea ere ondo dator. Ni beti geldituko naiz paperarekin, inoiz itzalaldia errepikatzen bada ere.
Zergatik izan behar du HITZAkide oraindik urratsa egin ez duenak?
Inguru hurbilean gertatzen den horren gainean jakin nahi baduzu hedabide egokiena delako. Azkenean Berria-k eskainiko dizkigu berri orokorragoak, noizbehinka gertuagokoak, baina HITZA-k eskaintzen diguna da, hemen, aldameneko kalean, ondoko herrian, pareko bizilagunari gertatzen zaionaren berri; eta euskara ikasten ari direnei zer hobe gertukoak eta egunerokoak eskura jartzea baino. Hortaz, dena interesgarria, dena gertukoa, eta dena beharrezkoa Hitza-k eskaintzen diguna. Gertaera garrantzitsuen ondorengo horretan egoten da HITZA, herrian gertatzen denari balioa ematen dio.
Zerbait sumatzen duzu faltan HITZA-n?
Herritarrekin inkestak egitea haien iritzia eskatuta gai zehatzen inguruan.
