Luis Mari Moreno Urretabizkaia 'Pirata', madalenetako omendua
Musikari ezagunak jaurtiko du horrenbestez, aurtengo Madalen Jaiei hasiera emango dien txupina.
Pirata izango da madalenetako omenduaDani Novas Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata musikaria izango da madalenetako aurtengo omendua. Hala erabaki du ausaz eratutako 20 herritarren batzordeak. Horrenbestez, Piratak jaurtiko du uztailaren 21ean 19:00etan jaiei hasiera emango dien txupina.
Erabakia hartu duten herritarrek hiru argudio nagusi eman dituzte: herriarekin duen lotura eta jai lotura estua, belaunaldi ezberdinetarako erreferente musikal izaera, eta herriarekiko konpromiso jarraia. Gainera, kultura eta jai giroan erabat txertatutako pertsona dela jarri dute nabarmen, “festa giroa eta gozamena transmititzen dituena. Belaunaldi ezberdinetako entzuleentzat erreferente da eta madalenekin lotura berezia du, urtero jaietan presentzia bermatuta eta inplikatuta”.
Aukeraketa sistema duela hiru urte onartu zen; herriko jaietan omenaldi sariak emateari buruzko ordenantza arautzailearen ondorio da. 2024an sartu zen indarrean araudi hori, eta bere ekarpenen artean daude omendu proposamenak egiteko aukera herritar orori zabaltzea. Azken erabakia, berriz, ausaz aukeratutako herritar batzorde baten esku uzten da. Madalen jaiak herrikoiagoak izatearekin batera, herritarrak udal kudeaketan parte hartzea ere bilatzen du.
Erabakitze prozesua
Martxoaren 1etik 30era Errenteria-Oreretan erroldatutako herritarrek, eragile zein elkarteek eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek hautagaiak aurkeztu zituzten. Proposamenak jasota, zerrenda egin zuten zerbitzu juridikoek. 11 hautagai proposatu zituzten, eta horietako bi kanpoan utzi proposamenena lagun baten ordez elkarte bereko bi proposatu zituztelako. Udaleko bozeramaileen batzordeak hirura jaitsi zuen zerrenda hori.
Udal errolda erabilita, berriz, zozketa egin zen 800 pertsona aukeratzeko, 16 urtetik gorakoak. Gonbidapena onartu zutenen artean zozketa egin, eta 20 lagun hautatu zituzten batzordea aukeratzeko. Hilaren 6an eta 13an bilerak egin ditu batzorde horrek. Lehen saioan hautagaien berri jaso zuten. Bigarrenean berriz, aukeraketa egin zuen batzordeak, argudioak adostuta.
Aizpea Otaegi alkateak zuzenean eman dio telefonoz deituta berria, Piratari. Instagram kontutik zabaldu du unea.
