"Txikiengan zentratzen den hedabide bat da HITZA"
1.000. zenbakia du gaur HITZAk, eta hori bera ospatzeko, HITZAkideei eman die ahotsa. Salaberria 1545 argitaletxearen sortzaileetako bat da, eta argi du haiek bezalako eragileentzako ezinbestekoa dela HITZAren oihartzuna.
Dixidu diseinu grafikoan egiten du lan Eneko Salaberria Gonzalezek, eta horretaz gain 1545 argitaletxea kudeatzen du Xabi anaiarekin batera. Beste era batera ere defini daiteke oiartzuarra: Hitzakide.
HITZAkide zara. Zerk bultzatuta?
Lehenagotik ere Hitzakide izandakoak ginen gustatzen zaigulako ahal den neurrian inguruko komertzio edota hedabideei esku bat botatzea. Gainera, Hitza-ren kasuan trukean ere publizitatea jartzeko aukera ematen duenez, berriz ere Hitzakide egiteko garaia zela ikusi genuen.
Zein ekarpen egiten du Hitza-k?
Komunikabide bat izateaz gain eta bertako albisteak eskuragarri izateko aukera emateaz gain, uste dut badela hedabide txiki bat zentratzen dena txikiengan ere. Hau da, komertzio edota eragile txikiengan ere arreta berezia jartzen duela esango nuke.
1545 argitaletxearen sortzaileetako bat zara.
Xabi anaia eta biok sortu genuen; anaia irakaslea da, eta nik komunikazio enpresa bat daukat, Dixidu. Hala ere, paraleloki argitaletxe bat sortzea erabaki genuen beste zerbitzu bat emate aldera. Duela sei urte izan zen hori, eta horrek forma autonomo bat hartu du.
Zerk bultzatuta sortu zenuten argitaletxea? Akaso horretarako behar bat sentitu zenuten?
Esan daiteke behar bat izan dela, baina kontua da nik nire lan ibilbidean jasotako esperientziarekin ikusten nuela bazeudela zenbait lan edo proposamen literario kaxoi batean gordeta geratzen zirenak argirik ikusi gabe. Horri argi bat emate aldera eta ikusita erraza dela liburu bat zerotik eskutan izan arteko bide hori egitea, saiakera hori egin genuen.
Edukia argitaratzeko orduan baduzue marra gorririk?
Bai, hizkuntza da gure marra gorrietako bat. Dena euskaraz argitaratzen dugu. Are, proposamenen bat jaso izan dugunean eta korreoa gaztelania hutsez idatzita baldin badago, nahiz eta edukia euskaraz izan, horrek zuzenean gure ezezkoa jasotzen du. Zerbaitetan erradikal jarri bagara, horretan izan da. Gainerakoan, normalean Xabik landu nahi duen gai baten inguruko proiektua sortzen dugu guretik, edota aurretik erdal hizkuntza batean sortuta dagoen zerbait gurera ekarri eta euskaratu egiten dugu.
Osasuntsu al dago euskal literatura?
Argitaletxe pila bat daude, baina irakurle bezala egia da bizpahiru argitaletxe handiekin gogoratzen garela. Txiki asko daude, eta lan oso polita egiten dute. Txikiek fokua jartzen dute produktu ez hain salgarriagoetan, baina bai funtsean interes gehiago daukatenetan, eta uste dut Euskal Herrian lan oso polita egiten ari dela alde horretatik. Noski, hala jarraitzea espero dut.
Zer ematen dio Oiartzuni 1545 argitaletxeak?
Kontua da guk argitaletxeaz gain kultur elkarte bat ere badaukagula izen beraren azpian, 1545, eta guk egiten duguna da literaturaren inguruko proposamen asko herrira ekarri urtean zehar. Bestalde, saiatzen gara liburu bat aurkezten dugun bakoitzean herrian zerbait egiten liburu horrekin lotuta.
