Arguedasko hilketa matxista irmo gaitzetsi dute Lezon
Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume elkarteak aho batez salatu dute hilketa.
Andre bat hil zuen atzo Nafarroako Arguedas herrian haren senarrak. 44 urte zituen biktimak. Aurten, Euskal Herrian gizonek hil duten bosgarren emakumea izan da. “Hori dela eta, Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume elkarteak aho batez adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren aurka gaudela eta irmoki gaitzesten dugula gertatutakoa”.
Herriko eragileek, hilketa matxista bat den bakoitzean irmo esaten dute horrelako erasoak ez dituztela onartzen, “eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!”.
