Bi urubi txita, basoan
Parkea Bizirik Kukulunberak jaio berri diren bi urubi txiten bideoa zabaldu du. Errenteria-Oreretako errekasto baten aldameneko basotxo batean jaio dira bi txita horiek.
Urubi txitak.Parkea Bizirik Kukulunbera elkartea Irudi ederrak jaso ditu Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak Errenteria-Oreretako basotxo batean. Ez da erraza jendearentzat, ezinezkoa dela ez esatearren, naturaren magia ikustea. Elkarte horrek baina, gertu-gertuan jarri du, beste behin ere. Parkea Bizirik Kukulunberak jaio berri diren bi urubi txiten bideoa zabaldu du. Errenteria-Oreretako errekasto baten aldameneko basotxo batean jaio dira bi txita horiek, hostozabal batean kolektiboak jarritako habia kutxa batean.
Azaldu duenez, bertan bizi da urubi bikotea urte osoan, “udaberria iristean errunaldiari ekiten dio”.
Parkea Bizirik elkarteko kideek ikuskapena egin zuten joan den otsailaren 2an eta bi arrautza ikusi zituzten, inkubatzen hasiak habia kutxa horretan. apirilaren 5ean, habia kutxaren barruan eta elkarren ondoan ondo elikatutako bi txita aurkitu zituzten.
Prozesu osoan barrena diren arrisku eta mehatxuen kontaketa egin du Parkeak Bizirikek, naturaren gordina ere agerian jarriz: “Xixt batean egindako bideo grabazioan, txantxangorriaren txio txiruladunak eskinosoen karrankekin nahasi da; azken horiek ozpindurik eta haserreak eraginda gandorra zabalduta dute. Eskinosoek urubien txitak birrintzera sartu nahi dute… haien erraiak irentsiz gozatzeko. habia kutxan sartzeak baina, txiten gurasoen atzaparretan eta mokoen mesedetan erortzea ekar dezake, eta arrisku handiegia da hori. Bitartean, habia kutxan basasaguen, satorren, eta txoritxoen hilotzak pilatzen dira, mundura sortu berri diren urubien txitek irentsi ditzaten”.
Natura “ulertu eta kontserbatzen” jarraitzeko deia egin du azkenik elkarteak.
