'Distopia baten kronika' liburu aurkezpena, Gaztañoko auzo lokalean
Hilaren 29an, ostiralarekin, egingo du aurkezpena Angel Bidaurrazaga idazleak.
Liburu aurkezpena hilaren 29an egingo dute.Independentea.eus Gaztañoko auzo lokalak antolatzen duen hitzaldi, aurkezpen eta solasaldi zikloaren aurtengo ikasturteari ginga jarriko dio Distopia baten kronika liburuaren aurkezpenak. Angel Bidaurrazaga Van Dierdonck liburuaren idazle, sendagile eta irakasle erretiratuak aletuko ditu xehe liburura bildutakoak hilaren 29an, 19:00etan hasita.
Aurkezpenaren ondotik solasaldirako tartea zabalduko dute. COVID 19aren pandemiari begirada da liburua eta 2020az geroztik Independentea.eus-en argitaratutako artikulu bilduma da liburua. Ikasturte osoan egin duen moduan, honakoan ere gai mamitsua aukeratu du Gaztañoko auzo elkarteak hausnarketarako espazioa eta tartea eskaini asmoz gerturatzen den herritar orori. Ikasturtearen balorazio baikorra egin du gainera, “parte hartzea oso zabala izan delako antolatu ditugun hitzaldi, aurkezpen eta solasaldi guztietan, eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko”.
Hurrengo ikasturtera begira ere jarri dira; dagoeneko ari dira prestatzen 2026-2027rako zikloa, “irailetik aurrera ikusiko dugu elkar berriro, indarberrituta”.
