Igoerako play-offa jokatuko du Donibane Eskubaloiak
Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-offa jokatuko du talde arrosak ostiraletik aurrera, Gironako Palafrugell herrian.
Denboraldi bikaina osatu ondoren, Donibane Eskubaloia taldeko gizonen lehen taldea Euskal Ligako txapeldun izan da. Txapelketa irabazteagatik, Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-offerako sailkatu da talde arrosa, eta ostiraletik (hilaren 22tik) aurrera jokatuko du sasoiko zita erabakigarriena, Gironako Palafrugell herrian.
Donibanek hiru partida jokatuko ditu Katalunian, igoera helburu. Ostiralean Balonmano Dominicos taldearen kontra jokatuko du, 17:30ean. Larunbatean (hilaren 23an) Villa de Arandaren aurka arituko da, hori ere 17:30ean. Azkenik, igandean (hilaren 24an) Garbi antolatzailearen aurka neurtuko dituzte indarrak, 12:45ean. Soilik lehen sailkatuak lortuko du datorren urtean Lehen Maila Nazionalean lehiatzeko txartela.
