Telefono dei bidezko iruzurrak egiten ari dira Oarsoaldean
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak jakinarazi du enpresa batek telefonia kontratuak eskaintzen dituela bulego horren izena modu faltsuan erabiliz.
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak jakinarazi du enpresa batek telefonia kontratuak eskaintzen dituela bulego horren izena modu faltsuan erabiliz, konfiantza sortzeko asmoz. “Gainera, Kontsumo Bulegoak baliozkotutako ustezko kodeak ere ematen dituzte, kontratazioa segurua dela sinestarazteko”, zehaztu dute eskualdeko zerbitzutik. Telefono dei bidezko iruzurra egin nahian dabiltzala nabarmendu du.
Horregatik, bulegoak argi esan du ez duela kontratazioetan parte hartzen, eta ez dituela kontratuak balioztatzen. Are, zehaztu du ez duela telefonoari, argindarrari, gasari edo energiari buruzko zerbitzurik bermatzen.
Iruzur horri, eta etor daitezkeenei aurre egiteko hainbat aholku eman ditu Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak, eta horiek bereziki pertsona zaurgarrienei zabaltzeko eskaera egin du. Honakoak dira aholkuak:
• Ez fidatu zenbaki ezezagunetatik datozen deiez.
• Ez eman datu pertsonal edo bankariorik.
• Ez onartu telefono bidezko kontratazio azkarrik.
• Kontuz ibili telefonia edo energia eskaintzekin.
