Donibane Eskubaloia, igoeraren bila Katalunian
Euskal Ligako txapeldun izan ondoren, Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-offa jokatuko du talde arrosak gaurtik aurrera. Taldea «gogotsu eta ilusioz» da, igoera helburu.
Denboraldi bikaina osatu du Donibane Eskubaloia taldeko gizonen lehen taldeak. Talde igo berria izan arren, 2024-2025 sasoian igo baitziren Gipuzkoako Lehen Lurraldeko Ligatik, Euskal Ligako txapeldun izan dira nagusitasun osoz. Talde igo berria izanik, helburuak «maila mantentzea eta taldea egonkortzea» zirela adierazi du Pepelu Ramos Fernandez gizonen talde nagusiko entrenatzaileak, «kluba hazten jarraitzeko». Asmo behinena «ez sufritzea» bazen ere, hasieratik kokatu ziren Euskal Ligako lehen postuan, eta inor ez da gai izan arrosak olatuaren gainetik jaisteko.
Lehen itzulia partidarik galdu gabe itxi zuten, eta igoerarekin amesten hasi ziren. Saria hiru jardunaldiren faltan iritsi zitzaien, Euskal Ligako txapeldun izan baitziren, igoerako play-offerako txartela lortuz. Ordutik, sasoiko zita erabakigarriena prestatzen aritu dira, eta gaurtik aurrera jokatuko dute Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-off hori, Gironako Palafrugell herrian. Ramosek aitortu du taldea «gogotsu» dagoela esperientzia bizitzeko eta «motibatuta» lehiatzeko: «Konbentzituta goaz, eta ilusio handia dugu erronkari aurre egiteko».
Donibanek apirilaren 25ean itxi zuen Euskal Liga. Fisikoki taldea ondo eta lesio gabe dagoela aurreratu du arrosen prestatzaileak, baina «lehiako erritmo faltarekin» daudela zehaztu du, hilabete eman baitute partidarik jokatu gabe.
Parez pare duten erronka handia bada ere, irabaztera joango direla esan du Ramosek. Aurrean izango dituzten taldeak «gogorrak» direla ziur da arrosen prestatzailea, baina «irabaztera eta topera lehiatzera» doaz Kataluniara. Gaur (ostirala) Zaragozako Balonmano Dominicos taldearen aurka jokatuko dute, 17:30ean. Bihar (larunbata) Burgosko Villa de Arandaren kontra arituko dira, hori ere 17:30ean. Asobal Ligako, hau da, eskubaloiko maila goreneko talde baten filiala da. Azkenik, igandean Garbiren aurka neurtuko dituzte indarrak, 12:45ean. Garbi da play-offaren antolatzailea, eta talde hori da, Ramosen ustez, arerio nagusia: «Iaz jaitsi ziren Lehen Maila Nazionaletik eta beren helburua igotzea da».
Soilik play-offeko lehen sailkatua igoko da Lehen Maila Nazionalera. Asmoa mailaz igotzea bada ere, lortzen ez badute Euskal Ligan geratuko direla adierazi du Ramosek, klubaren «oinarriak egonkortzen». Datorrena datorrela, denboraldia zentzu guztietan «luxu» bat izan dela baietsi du prestatzaileak, eta igoerarekin biribilduko lukete ikaragarria izan den sasoia. Horrez gain, hirugarren igoera litzateke arrosentzat azken lau denboraldietan.
Motibazioa eta ilusioa erraldoiak badira ere, Ramosek «pena» du zaleengatik, partidak Donibanetik urrun izango direlako. Hori dela eta, askok eta askok ezingo dute Donibane harmailetatik babestu, baina arantza hori kendu ahal izango du ahala nahi duenak, partida guztiak Garbiren Youtubeko kanalean botako baitituzte, zuzenean.
Etorkizunera begira
Kirol mailan sasoia bikaina izan bada ere, zailtasun mordoari aurre egin behar izan die aurten Donibanek, «baldintzak onenak izan ez direlako». Pasaiak kiroldegi bat du soilik, eta eskubaloiko, areto futboleko edota Eskola Kiroleko taldeek erabiltzen dute Larrabideko pista. Egoera horrek pista erabiltzeko aukerak murriztu dizkie arrosei. «Oso baldintzatuta gaude. Egungo baldintzekin ezin dugu Lehen Maila Nazionalean lehiatu».
Klubak «hazi» nahi du, eta igoera lortzen badute, entrenamenduak «exijentzia handiagokoak» izango dira. Harrobiko egitura bat izatea ere exijituko die ligak, gaur egun ez dutena: «Orduak gehituko dira, eta minimo batzuk beharko ditugu, gaur egun ez daudenak. Uda luzea izango da».
