40 urteko bidea eta konpromisoa
Lau hamarkada bete ditu Gazte Mailako Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketak. Igandean, 1986an sortutako horrek segida izango du. Euskal kulturari bultzada ematen jarraitzeko prest dira antolatzaileak.
Txapelketaren lehenetariko ekitaldi bateko talde argazkia.Erein Euskal kulturarekin aurrera egitea, dantzaren eremutik eta herrigintzatik. Hori izan zuten xede duela 40 urte Gazte Mailako Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa antolatzeari ekin ziotenek. Lau hamarkada geroago horretan jarraitzen dute. Asko eta asko izan dira lehia horretan dantzan izan eta dantzaren munduan bidea egin dutenak. Etzi (hilak 24, igandea) egingo dute berrogeigarrenez dantzari gazteei begirako aurresku lehia, 2019tik mistoa dena. 11:00etan hasiko dira dantzaldiak. A saileko dantzariak (2016-2018 urteen artean jaiotakoak) eta Bkoak (2013-2015 urteen artean jaiotakoak) izango dira lehian Niessenen. Dkoek hilaren 16an egin zuten euren txapelketa Legazpin: Ixone Lozano Bergara lezoarra izan zen garaile, eta Mairi Maya Castaño oreretarra bigarren.
Izan ere, hasieran mutilen eremu izan zen txapelketa, baina aurten zortzigarrenez neskek eta mutilek parte hartuko dute. Juantxo Mayarekin eta Mikel Olaskoagarekin izan da Hitza txapelketaren hastapenez eta bilakaeraz hitz egiteko; hasierako hartan Kontxi Sein eta Pako Sanz izan zituzten taldekide haiek, Landare elkartearen babespean. Azken urteetan Erein elkarteak antolatu du lehia.
1986ra joan dira Maya eta Olaskoaga. «Bat-batean, txapelketan parte hartu nahi zuten 100 bat haurrekin topatu ginen», esan dute egun umorez, baina orduko hartako apurua azaleraziz. Haien asmoa, Antxon indarra galtzen hasi zen Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusia indartzea zen [egun Hondarribian egiten da], ikusi zutelako hara geroz eta dantzari gutxiago joaten zirela, eta haur-gazte dantzarientzako txapelketa propioa antolatuta, hori indartzea zen asmoa. «Gipuzkoako dantza taldeekin eta ikastolekin harremana egin genuen, horietan ziren haurrek lehen aurresku txapelketa horretarako izena eman zezaten. Ezustekoa hartu genuen. 100 bat dantzariko zerrenda batekin topo egin genuen; 15-20 bat espero genituen». Hasierako hartan Gipuzkoako Dantza Federazioko buru zen Aszen Egañaren laguntza handia izan zutela adierazi dute.
Ez zen bideragarria egun bakarrean 100 dantzariko txapelketa bat antolatzea. Hortaz, erabaki zuten aurre-kanporaketa bat egitea txapelketaren finalaren aurreko asteburuan; finalaren asteburuan, berriz, larunbatean finalerdi antzekoa egin zuten, eta igandean finala, 15-20 dantzarikoa bi kategoriatan. «Oso ondo joan zen dena. Laguntza handia jaso genuen herriaren partetik. Egun Niessen merkatalgunea den horretan zegoen frontoian egiten hasi ginen txapelketa». Han eta funtzionamendu horrekin jarraitu zuten lehiarekin hainbat urtez.
Herrigintza
Pilotaleku zahar hura ez zen antzoki bat. Hasierako urteetan hura aurreskurako egokitu behar zuten. Gogoan dute hasieran Errenteriako Udalaren laguntza izan zutela, baina ez zela erabatekoa. «Esaterako, oholtza udalak Beraunen zuen biltegitik jaitsi behar genuen, gero muntatu, desmuntatu, eta hara berriz ere igo. Frontoiko lurra babesteko xaflak ere jartzen genituen. Guk egiten genuen hori guztia. Gerora udala oholtzako zati guztiak frontoira jaisten hasi zen… Proba modura-edo geunden…». Mayak eta Olaskoagak nabarmendu dute hasiera-hasieratik herriaren inplikazioa sekulakoa izan zela, eta dantzari guztiei ematen zizkieten trofeoak herriko establezimenduek emandako laguntzari esker erosten zituztela. Premisa argi batekin: «Hemen dantzan izan diren denei beti eman diegu trofeo edo garaikurren bat, lehenetik azkeneraino». Gogoan dute hasierako edizioetan Realak ere sarrerak ematen zizkiela, dantzariak Atotxara haien partidak ikustera joateko. Agertoki atzeko muralaz ere hitz egin dute: «Sekulako itxura zuen. Herriko artista batek egin zigun. Izugarri ederra zen».
Herrigintzan jarri dute fokua. Hasieratik Landareren babespean antolatu zuten txapelketa, eta bertako zuzendaritzen nahiz bazkideen ezinbesteko laguntza izan zuten, baita herritar askorena ere. «Horrela ulertzen dugu euskal kultuaren aldeko lana egitea. Denen artean bultzada eman behar diogu».
2002an, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auzia aktibatu zuen, Herriko tabernen auzia alegia. Landarek, Euskal Herriko dozenaka eta dozenaka elkarte eta tabernak bezala, enbarguak eta kalteak jasan zituen. «Landare konfiskatua zegoenez, Erein elkartea sortu zen txapelketa eta bestelakoak aurrera eraman ahal izateko». Ordutik Ereinek antolatzen du txapelketa, baina betiere sorrerako filosofia berberarekin: herrigintzatik, euskal kulturaren alde egitea.
1997ean inauguratu zen Errenteria Hiria Kulturgunea edo Niessen, eta 1998tik egiten da han Gazte Mailako Euskal Herriko Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa. Antzokirako aldaketak asko erraztu zizkien lanak antolatzaileei. Hura da dantzari gazteen elkargune oraindik ere.
Pako Sanz
40 urteko lana atzean. Kultur ekitaldi asko ez da izango hainbesteko antzinatasuna duenik Oarsoaldean. Aurresku txapelketaren hasierako motorra izan zen laukotetik bat falta da, Pako Sanz. 2017an hil zen. «Galdetu izan digute ea noiz arte jarraituko dugun txapelketa hau antolatzen. Pako Sanzek gaixorik zela esan zigun ea hilko balitz guk aurrera jarraituko genuen txapelketarekin. Promesa egin genion segituko genuela euskal kulturaren alde egiten, herrigintzan eragiten, gurea dena defendatu eta zabaltzen. Eta jarraituko dugu».
