Euskara indartzeko, 'Esnatu Oiartzun'
Oiartzungo euskalgintzak, UEMAk, beste zenbait eragilek eta udalak deituta, Esnatu Oiartzun herri batzarra egingo dute bihar.
Oiartzungo euskalgintzak, UEMAk, beste zenbait eragilek eta udalak deituta, Esnatu Oiartzun herri batzarra egingo dute bihar (hilak 23, larunbata). Euskara bizitzen ari den larrialdi linguistikoari erantzuteko pauso bat gehiago dela hitzordua nabarmendu dute deitzaile diren eragileek; horregatik, batzar irekia izango da, eta hala nahi duen herritar edota eragile oro bertaratu daiteke. Batzarra 10:00etatik 13:00etara izango da udaletxeko areto nagusian.
Euskal Herrian, eskualdean, zein Oiartzunen bertan euskararen larrialdi linguistikoari aurre egiteko zenbait egitasmo, proiektu eta dinamika antolatzen ari da euskalgintza; Korrika, Pizkundea eta Euskaltzaleon Martxa Iruñean dira horren adibide. UEMAK, bere aldetik, egoerari aurre egiteko lurralde estrategia landua du.
Baina deitzaileek azaldu dute horrekin ez dela nahikoa, eta nabarmendu ezinbestekoa dela herriko norbanako, elkarte eta taldeak ere informatu, ahaldundu, kontzientziatu eta aktibatzea. “Horretarako egingo da hilaren 23ko Esnatu Oiartzun herri batzarra: euskararen azken hamarkadetako eta etorkizuneko eboluzioa azaltzeko lehenik eta behin, eta Euskal Herriko eta Oiartzungo euskalgintza zertan dabilen lanean aurkezteko, eta Guretik zer egin dezakegu? dinamikan parte hartzeko”.
Deitzaileen arabera Oiartzun udalerri euskalduna da, “garrantzitsua, beraz, euskararen biziraupenerako eta garrantzitsua, nola ez, etorkizuneko Oiartzunentzako”. Beraz, inportantea da haientzako herriko norbanako eta eragileak batzarrean izatea. Parte hartzeko eskatu diete.
