Herritik eraikitakoa, desegitear
Oiartzungo Urmendi Haur Eskolak orain arte ezagutu duen bidea bukatutzat eman beharko du Eusko Jaurlaritzak ahoz jakin ondotik Udal Haur Eskolak diruz laguntzeari utziko diola. Zati bat Haurreskolak Partzuergoan integratuko da.
Urmendiren egoeraren berri ematen duen pankarta, Oiartzunen. Imanol Saiz Gomez de Segura Eta, orain zer? Horixe bera galdetzen dute Urmendiko irakasle, ikasle, guraso eta langileek. Azken boladan pil-pilean egon den gai bat izan da Urmendiren afera, baina zer gertatu da? Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2024an ahoz jakinarazi zuen Udal Haur Eskolak diruz laguntzeari utziko ziola, eta erabaki horrek aurrez aurre eragiten zion Urmendiri. Kinka larrian jarri zuen erabakiak 0-3 adin tarteko haurrentzako herritik sortutako eta hezkuntza eredu propioa duen haur eskola. Udal Haur Eskolek moratoria bat eskatu zuten, urtebeteko luzapena, egin beharreko lanketak egiteko.
Urmendi partzuergo bat da, Urmendi Udal Ikastola Partzuergoa, 1999an udalak eta Haurtzaro Ikastolak eratua; orduko hartan bat egin zuten Oiartzunen zerbitzua ematen zuten Iturburu Udal Haur Eskolak, Haurtzaro Ikastolak, eta Koikile eta Tipi-Tapa haur-eskola pribatuek. Garazi Urdanpilleta Astibia, Oiartzungo alkateordea: “Partzuergo batek ematen dizkigu aukera batzuk udal haur eskola soil batek akaso ez dituenak, eta horrexegatik izan da gure kasua berezi samarra. Udalak moratoria hori baliatu eta segituan hasi ginen adituekin lanean; urtea horretan pasa dugu. Erreakzio azkarra eta naturala izan zen herriko proiektu bat izanik”.
Bada, hilabete askoko ezjakintasun egoera batean murgilduta egon dira Urmendiko komunitatea osatzen dutenak, baina betiere esperantza galdu gabe eta bidearen amaieran argia ikusteko itxaropena galdu gabe. Apirilaren 30ean, baina, albistea iritsi zen. Oiartzungo Udalak jakinarazi zuen Urmendiren zati bat Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan integratuko zela. Azaldu zuenez, Haurreskolak Partzuergoak ezezkoa eman zion hura Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzeko udalak egindako proposamenari, bere estatutuek horrelako aukerarik ematen ez dutela argudiatuta. Hala ere, Oiartzungo Udalak oraindik ez du erantzun hori idatziz jaso [Urdanpilletarekin elkarrizketa hilaren 14an egin zen], eta horren zain dago.

Urmendi beti herri! 0-3 bizirik! herri plataformaren aurkezpena.L. Perlines Apalategi
Horrek esan nahi du gaur egun arte ezagutzen den Urmendi proiektuak ez duela bere horretan jarraituko. Urdanpilletak eman ditu azalpenak: “Alde batetik aldaketa pedagogikoak egongo dira Urmendiren zati bat bakarrik sartuko delako, 0-2 etapa hain justu, eta horrek galera bat ekartzen dio herriari zein proiektuari berari. Oiartzun da Euskal Herriko herri bakarrenetakoa 0-3 etapa mantentzen zuena, eta hori galera bat da”.
Hori, baina, ez da Urmendirentzat aldaketa bakarra izango: “Kudeaketari dagokionez, Urmendi orain udal eskumeneko proiektu bat da, eta Eusko Jaurlaritzara pasatzen denean tokiko izaera izatetik zentralitate horretan kokatzen den proiektu batean bihurtuko da. Laboralki ere, noski, aldaketak egongo dira”, aurreratu du alkateordeak.
Esperantza galdu gabe
Iraia Etxebeste Madariaga Urmendiko zuzendaria da, eta Joana Barriola Gambra langilea. Urmendiko bulego batean haurrak hara eta hona korrika zituztelarik kontatu dituzte euren bizipenak. Barriola: “Albistea jaso genuenean kolpe bat izan zen, baina egia da udalaren aldetik bazegoela proiektuari eusteko nolabaiteko gogo, asmo edo intentzioa. Pixkanaka, baina, gure esperantzak gutxitzen joan dira. Saiatu dira bide edo zirrikituak irekitzen, baina ez dute emaitzarik eman. Badugu nolabaiteko sentsazioa hitz politekin baloratu dela Urmendi, baina praktikan hiltzera kondenatu dutela”.
Etxebestek aitortu du konfiantza zutela emaitzaren bat emango zela. “Baina, tira, horrela gertatu dira gauzak: ia-ia konturatu gabe amaierara iritsi gara. Sentipen asko eta oso intentsuak ditugu”.
Albistea jaso eta egun horretan bertan, honakoa adierazi zuen Joana Mendiburu Garaiar Oiartzungo alkateak: “Erakunde publiko bati dagokion erantzukizun eta ardura instituzionaletik eta Urmendiren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko helburuz, konfiantzan egin nahi du udalak prozesua Haurreskolak Partzuergoarekin, eta lehen bileran elkarlanerako borondatea erakutsi dute bi erakundeek. Bestalde, Urmendiko langile zein familiei ahalik eta arretarik handiena eta zuzenena eskaini nahi dizkie udalak prozesu honetan”.
Urdanpilletak, bestalde, kontatu du orain helburua dela irailerako integrazioa eman dadin bide horretan dauden protokolo, baimen edota lan burokratiko guztiak aurreratzeaz gain, Hezkuntza Sailarekin guztia negoziatu eta adostea.

Urmendiko langileen azken prentsaurrekoa.L. Perlines Apalategi
Udalak gertakariaren berri eman eta hurrengo egunean, Urmendiko Langile Batzarrak agerraldia egin zuen eskolaren atarian «iritsi delako azken hilabeteetan beldurrez bizi izan dugun momentua: Urmendiren ibilbide oparoaren bukaera». Proiektua herritik eta herriko familiei erantzunez sortu zela nabarmendu zuten bertan, eta gehitu “kalitatezko hezkuntza eta zaintza” eskaini dituztela, “gertutasunean, konfiantzan eta egonkortasunean oinarrituta”. Bide horretan, Etxebestek nabarmendu du eurek ulertzen dutela haurrak hiru urte bete arte ezaugarri eta behar berezi batzuk dituela, eta hiru urteren bueltan “beste heldutasun bat” ematen dela.
Barriolak, bestalde, herrian sortutakoa herriarentzat izan dela jarri du nabarmen: “Herriko proiektu eta egitasmo bat da, eta horrek ahalbidetu du irakaslegoa bertakoa izatea eta denboran jarraikortasun bat ematea. Horrek, beraz, alor pedagogikoa ere beste maila batean lantzea ahalbidetzen du”.
Hiru mailatan daude banatuta Urmendiko haurrak: sehaskak da txikienena, gero ertainak daude, eta azkenik bi urteko gelako haurrak daude. Horiek artatzeko talde mardul bat dago. Zehazki, hamabost irakasle finko, hiru irakasle ez finko eta hiru sukaldari daude.
Alkateordeak azaldu du “banaketa bat” egongo dela Urmendiko hezitzaileen taldean. “Batzuk 0-2 ziklora pasa beharko dute, eta besteak bi urteko gelan geratu beharko dira. Lan handia egin dute proiektua bera sortzen eta talde bezala formatzen. Finkoak diren langileek lanean jarraituko dute batean edo bestean, baina finko ez direnek ezingo dute hemen jarraitu, ez dute aukerarik izango”.
Jantokiarekin, aurrera
Oiartzungo ehunka haurren aterpe izan da Urmendi urte luzez, 3.500 haurren etxe, hain justu, eta euren haserrea adierazi zuten Urmendiko langileek eskolaren atarian. “Haserre gaude Hezkuntza Sailak hartutako erabaki hori ez delako pedagogikoa, politikoa baizik, eta helburua delako hezkuntza sistema erabat zentralizatua izatea, tokiko proiektuak errefusatuz eta ederki funtzionatzen duten bestelako proiektu publiko komunitarioei ate guztiak itxiz. Haserre gaude, helduzentrismotik hartutako erabakiak, ideologiak eta pribatu-publiko eztabaida eternalekoak hain zaurgarria den lehen haurtzaroaren beharren oso haurretik jartzen direlako”, esan zuten.
“Mimo eta dedikazio handiz eraikitakoa” desegitear dago, eta triste dira herritar asko eta asko. “Triste gaude haur txikienen behar eta erritmoekin inolako sentsibilitaterik agertu ez dutelako, eta kaltetu nagusiak haurrak izango direlako. Kezkaturik gaude bi urteko haurrak haur eskola baten funtzionamendutik kanpo geratuko direlako, eta ikastetxe baten antolaketara egokitu beharko dutelako”.
Urmendiko eraikinaren erdi-erdian dago sukaldea, horrek proiektuak duen garrantziaren seinale. “Kezkaturik gaude sukaldeak ez dituelako soilik haurren neurrira egindako menuak eskaintzen”, jakinarazi zuten agerraldian. Eta, hain justu, Barriolak berak gaineratu du jantokia euren “indarguneetako” bat dela. “Sukaldea erdian dago gure proiektuaren parte delako. Jatorduari beti eman izan diogu balio hezitzaile bat, eta niretzat krimen pedagogiko bat da haur bakoitzak bere janaria etxetik eramatea eta ezberdintasun horiek mahaian ikustea”.
Sukaldearen garrantziaz jakitun, alkateordeak berak ere gehitu du “behin eta berriz” errepikatu dela “haur eskolan zentralitatea” daukala. “Eraikinaren erdian dago, eta udalak jangela zerbitzuarekin jarraitzea erabaki du. Haurreskolen Partzuergoak ez du jangela zerbitzurik, eta asmoa da sukaldariekin eta sukaldarien laguntzaileekin proiektuarekin jarraitzea”.
Gaur-gaurkoz, irailaren 1ean Urmendi Haurreskolen Partzuergoan integratzeko bide horretan dago udala, eta, beraz, harremanetan dago Eusko Jaurlaritzarekin. Alabaina, Urdanpilletak kontatu du Eusko Jaurlaritza eta Oiartzungo Udala bi administrazio publiko izanik, “oso modu ezberdinetan” funtzionatzen dutela. “Udalak dituen epeak batzuk izanda eta Hezkuntza Sailak dituenak beste batzuk izanda, zaila izan da hor aurkitzea”. Bestalde, udaleko langileak gauzak idatziz egitearen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Etorkizun batean atzera begiratu eta gauzak idatzita egoteak garrantzia dauka”.
Agur eta aitortza eguna
Urmendiren azken orduko albisteek herritar askoren bihotzak samurtu ditu, eta horren adierazle da herrian sortu den Urmendi beti herri! 0-3 bizirik! herri plataforma. Prentsaurrekoak, manifestazioak edota elkarretaratze zaratatsuak egin dituzte herrian, eta Urmendiko langileak zein Oiartzungo Udala oso eskertuta agertu dira herritarrek egindakoarekin. “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Oso eskertuta gaude”, dio Barriolak. “Zerbait ona atera badaiteke honetatik da herrian jende solidarioa badagoela”, jarraitu du Etxebestek.
Urmendiri eskerrak emateko eta orain arte egindako bideari gorazarre egiteko Agur eta aitortza eguna antolatu dute Urmendiko langileek zein herri plataformak elkarlanean. Hilaren 31n (igandea da) izango da hitzordua, eta aurreratu dute datozen egunetan emango dutela egitarauaren berri; HITZAn izango da ikusgai.
Oraingoz Urmendiz agurtu beharko dira herritarrak, baina bada itxaropena. Oiartzungo EH Bilduk jakinarazi du Urmendik udal haur eskola izaten jarraitzeko lan egingo duela. Hala, eztabaidarako proposamen zehatza eraman du Eusko Legebiltzarrera Urmendi proiektua garatu ahal izateko azterketa juridiko bat egin dadila eskatzeko, eta Haurreskolak Partzuergoa, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan integratzeko bideragarritasuna aztertzeko.
