'Gora Urmendi! Agur eta aitortza eguna' egingo dute hilaren 31n
Urmendiko langileek eta herri plataformako kideek elkarlanean antolatu dute eguna. Goiz osoan zehar zenbait jarduera izango dira Doneztebe plazan.
Urmendi Eguneko artxiboko irudia. Urmendi Oiartzungo Haur Eskolak orain arte egindako bidea amaituko du Eusko Jaurlaritzak ahoz jakinarazi duelako Udal Haur Eskolak ez dituela gehiago diruz lagunduko.
Azken boladan herrian pil-pilean egon den gaia izan da hori, eta horren adibide da zenbait herritarrek sortu duten Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! herri plataforma.
Urmendi eguna urtero egiten den zerbait da, baina aurtengo gertakariak kontuan izanik, “bestelako” ospakizun bat egingo dute. Izan ere, Urmendiko langileek eta herri plataformako kideek elkarlanean antolatu dute Urmendi herri proiektuari “merezitako aitortza egiteko egun berezia”. Azaldu dutenez, ekitaldi horretan herriak bere esker ona adierazi nahi dio urteetan bertan lan egin duten pertsonei.
Hori horrela, Gora Urmendi! Agur eta aitortza eguna egitaraua zabaldu dute. Hilaren 31n (igandea da) izango da hitzordua, Doneztebe plazan, eta jarduerak 10:00etatik 13:00etara izango dira.
Oarsoaldeko HITZAk gaur bertan Urmendiren afera mintzagai duen erreportaje sakona argitaratu du.
Egitaraua
- 10:00. Goizaren hasiera.
- 10:30. Ipuin kontaketa 0-3 urteko haurrentzat Itsaso Garzonen eskutik. Liburutegiko ikasle gelan.
- 10:30. Ipuin kontaketa 4-8 urteko haurrentzat Pello Añorgaren eskutik. Arizmendieneako barruko gelan.
- 10:30. Mahai ingurua: Zein gako izan beharko lituzke 0-3 urteko haurren garapen osasuntsua kontuan duen kudeaketa sistema batek?
- Parte hartzaileak: Eider Garde (hezitzailea eta Nafarroako 0-3 plataformako kidea) eta Mariam Bilbatua (HUHEZIko irakasle ohia). Moderatzaildea: Arantxa Urbe (Irakaslea eta Hik Hasi-ko kidea). Udaletxeko pleno aretoan.
- 11:30. Hamaiketakoa eta gitarra saioa Urmendiko langileen eskutik. Plazan.
- Jarraian, ekitaldia.
Antolatutako jarduerez gain, goiz osoan zehar plazan argazkiak ateratzeko txokoa, sormen txokoa, Hezkuntza Sailari erreklamazioak egiteko txokoa eta Urmendiko argazki historiekoen proiekzioa egongo dira.
