Altzibar eta Elizalde auzoetako merkataritza txikia sustatzeko, diru laguntzak
2022 eta 2026 artean sortutako negozioei zuzendutako deialdia da, eta eskaerak egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira abenduaren 31 baino lehen.
Oiartzungo Udalak Elizalde eta Altzibar auzoetako lokal hutsak biziberritu eta herriko merkataritza txikia sustatzeko helburuarekin diru laguntza berriak jarri ditu martxan.
Diru laguntza horiek 2022tik 2026ra bitartean sortutako negozioei zuzenduta daude, eta lokal huts batean jarduera berria abian jartzeko edota dagoen jarduerari jarraipena emateko zenbait gastu lagundu ahal izango dira; hala nola: egitasmoa martxan jartzeko hasierako gastuak; lokal hutsaren alokairu edota erosketa gastuak; jardueraren jarraitutasuna eta webgunea, marketina, prestakuntza edota datu babesarekin zein lan arriskuen prebentzioarekin lotutako gastuak.
Era berean, jakinarazi dute laguntza osagarriak aurreikusten dituztela berdintasun eta segurtasun ikuspegia zaintzen duten erakusleihoak egokitzeko lanetarako eta merkataritza elkarteetako bazkidetzak ordaintzeko.
Diotenez, 2026an sortutako negozioen kasu batzuetan laguntzak 4.000 eurora arte handitu ahal izango dira berdintasun, segurtasun eta merkataritza sustapenarekin lotutako irizpide osagarriak betez gero.
Eskaerak Oiartzungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira abenduaren 31a baino lehen, eta bertan eskaera orri orokorra, proiektuaren memoria, 2026 urteko gastuen aurreikuspena eta kontu korrontearen zenbakia txertatu behar dira.
