Donibanek ezin izan du igoera lortu
Donibane Eskubaloiak Lehen Maila Nazionalera igotzeko play-offa jokatu du asteburuan Gironan. Bi partida galdu dituzte eta bat irabazi.
Donibane Eskubaloiako gizonen talde nagusiak ezin izan du Lehen Maila Nazionalera igo. Euskal Ligako txapeldun izan ondoren, igoerako play-offa jokatu dute arrosek asteburuan Gironako Palafrugell herrian.
Gogotik saiatu badira ere, ezin izan dute igoera lortu. Ostiralean 33-39 galdu zuten Zaragozako Dominicos taldearen aurka. Larunbatean ere ezin izan zuten partida aurrera atera Burgosko Villa de Arandaren kontra (28-30). Igandera igotzeko aukerarik gabe iritsi baziren ere, aho zapore onarekin itxi zuten play-offa, igoera lortu duen Garbi mendean hartu baitzuten (34-33). Lehen Maila Nazionalera igo ez badira ere, ikaragarria izan da Donibanek osatu duen sasoia.
