Palestinaren aldeko keinuak eta egitateak Antxon
Basari elkartearen ekimenez Palestinarekin Elkartasun Eguna egin zen larunbatean Pasaiako barrutian.
Antxoko Basari elkartearen ekimenez, eta barrutiko eragile eta establezimendu askoren laguntzarekin, Antxo Palestinarekin Elkartasun Eguna egin zen joan den larunbatean barrutian. Aldarrikapena eta festa uztartu zituen egunaren xedea, garbia: hitzez, keinuz eta jarduera sorta handi batez betetako egunarekin Palestinako herria babestea eta jasaten ari den genozidioari aurre egiteko tresnak herritarren esku jartzea; eta laguntza efektiboa ematea: egunean izandako etekin ekonomikoa (errifen eta elastikoen salmentarekin, herri bazkarirako txartelekin, edo egin zen bigarren eskuko arropa azokan lortutakoekin) Palestinako herriari ematea.
Egun beroa, eta edukiz betea. Eguerdian egin zen ekitaldi nagusia Biteri plazan, eta ondoren 300 bat lagun bildu ziren bertso bazkarian ederki jan eta Onintza Enbeita eta Andoni Egaña entzutera. Aurretik, txistulariek, joaldunek edo trikitilariek esnatu zuten Antxo. Bazkalondoan Andoni Ollokiegi sanjuandarraren musika saioaz gozatu zuten bertan izan zirenek. Baina protagonista nagusiak palestinarrak izan ziren: hango emakumeen laguntzarekin egin ziren herri bazkariko jakiak, Sol Band taldeak ere emanaldia eskaini zuen, eta erbestean diren palestinarrekin aurrez aurre egoteko, hitz egiteko, sufrimendu hitzak zuzenean entzuteko aukera izan zen.
Egunaren balorazio baikorra egin du Basarik. Pozik da larunbata aurretik egindako lanarekin eta horrek eman duen emaitzarekin. Bereziki eskertu dute Antxoko establezimenduen laguntza, lau saski handi-handi zozkatu zirelako, eta horietako produktuak herriko dendari eta ostalariek emandakoak zirelako.
Gainera, Pasaiak Palestinako herriarekiko babes oldearekin jarraituko du. Izan ere, Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak herrialde zapaldu horren gainean ezaugarritu du aurtengo Gora Herriak!-en programa.
Jarraian, egunaren laburpena, elkarteak HITZAra bidalitako bideoaren bitartez.
