Komunitatea elkartu da Elizalde Egunean zein 'Etorkizunari begira' erakusketan
50. urteurrena ospatzeko jardueren artean nabarmenetako bat da Elizalde Eguna. Haren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.
Bideoklipa grabatu zuteneko irudia.Elizalde Elizalde Eskolarentzat urte berezia da aurtengoa, 50. urteurrena ospatzen ari baitira. Bada, Elizalde Eguna ere ospatu dute, eta haren balorazio positiboa egin dute komunitateko kideek.
Egunaren hasiera aldean euskara ikasten aritu diren gurasoei aitortza publikoa egin zieten, eta omenduen ordezkari moduan Abdal-la eta Amina Onea Szilagy igo ziren oholtzara, eta udalari zein eskolari berari hizkuntza ikasteko emandako aukera eskertu zieten.
Denboraren Kapsula ere lurperatu zuten, eta etorkizuneko ikasleei zuzendutako objektu eta mezuak gorde zituzten bertan. Eskolaren 100. urteurrena ospatuko duten ikasleek zabalduko dituzte altxorrak, eta, besteak beste, honakoak aurkituko dituzte: olerkiak, argazkiak, hiztegia, egunkaria, eskola kiroleko kamiseta edota eskolako zapia.
Arratsaldean, bestalde, II. Maritxu Goldaraz Pikabea frontoi txiki txapelketako finalak jokatu zituzten harmailak jendez lepo zirelarik. Sari banaketan Maritxu Goldaraz bera, Unax Landa, Agustin Lekuona eta Eusebio Agirrezabala izan ziren dominak banatu zituztenak. Esteka honetan daude egun horretako argazkiak.
Etorkizunari begira erakusketa
50. urteurreneko egitarauaren barruan antolatutako Etorkizunari begira joan den igandean itxi zuten, eta kasu horretan ere balorazioa “ezin hobea” izan da.
Erakusketa horretan Transpatioa edota DBHko patioaren eraldaketa proiektuez gain, udal eraikin osoaren barne eraldaketa izan daitekeenaren planoak ere ikusgai egon dira; azaldu dutenez, “plano horiek azken urteetan Oiartzungo Udalarekin elkarlanean sortutako oinarrizko proiektutik ateratakoak dira”.
Gainera, eskolatik aipatu dute Hezkuntza Sailak eraikina eraberritzeko lehen pausoak eta finantzaketa formula komunikatu dituela.
Honakoa da Hezkuntza Sailak proposatzen duena:
- Udal eraikinaren azalaren eraberritzea (fatxada eta teilatua):
- DBHko zatiaren %100 Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain.
- HLHko zatiaren finantzaketa partekatua izango da: %60 Eusko Jaurlaritzak ordainduko du eta %40 Oiartzungo Udalak Udaleraiki programaren bidez.
- Barruko eraldaketa: Bilera bat egingo dute Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Azpiegituretako arduradunekin. Helburua udalak eta hezkuntza komunitateak elkarlanean sortutako oinarrizko proiektuaren baitan planteatzen diren barne eraldaketak gertutik ezagutu eta aztertzea izango da.
