Euskaltzaleon martxara joateko autobusak antolatu dituzte
Ekainaren 13an Iruñean izango da Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duen manifestazioa. Txokolategian eta Haurtzaro Ikastolan daude autobusean izena emateko zerrendak.
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.Antxeta Irratia Euskaltzaleon Martxa lelopean, manifestaziora deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak Ekainaren 13an (larunbata da). Iruñean izango da Euskaraz bizitzeko behar den dena martxa, eta Oiartzundik hara joateko autobusak antolatu dituzte.
Autobusean izena emateko zerrendak Txokolategian eta Haurtzaro Ikastolan daude, eta txartel bakoitzak hamar euro balio du. Autobusa ikastolako aparkalekutik abiatuko da 15:00etan, eta itzulera manifestazioa bukatu eta berehala izango dela jakinarazi dute.
Martxa 17:00etan izango da, eta Iruñeko hiru puntutan bilduko dira herritarrak. Leku horietatik abiatuko dira hiru zutabeak, eta Gazteluko plazan elkartuko dira gero, han izango baita ekitaldi politikoa “amaiera berezi” batekin.
Aipatutako zutabe bakoitzak “euskarak behar duen Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko” du: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna.
“Mundua euskararen eta euskaldunon aurka datorren honetan, guk euskara dugu munduaren alde”, diote Euskalgintzaren Kontseiluko kideek.
