Metrokoadrokak irabazi du AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Beka
'Laster eroriko da' antzezlanarekin irabazi du kolektiboak. Hori izango da 25. Korrikaren ikuskizun kultural nagusia.
AEK-Korrikako III. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlearen berri eman zuten atzo Tafallako Kulturgunean, eta Metrokoadokaren Laster eroriko da antzezlana da garailea. Ondorioz, berau izango da 25. Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia.
Beka horrek 223.000 euroko aurrekontua du, eta helburua “euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea” da.
Atzoko agerraldian Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek hartu zuten hitza, eta eurekin batera izan zen Ane Elordi Korrikako arduraduna.
Esperientzia parte hartzailea
Metrokoadrokakoen hitzetan, Laster eroriko da “komedia basatia” izango da, eta lanaren erdigunean bi gazte eta beren aitona egongo dira, jangela batean. “Bazkari handi bat prestatu behar dute aitonaren laurogeita hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosteko kantutegia eratu ere, baina gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzik ere”.
Obrak, beraz, belaunaldien arteko talka bat islatuko du, eta hausnarketarako gaiak mahai gaineratu. Egileek diotenez, “gorroto mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena” sustatu nahi dituzte, eta komediarekin argi utzi nahi dute “mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra”.
Kolektiboko kideek aurreratu dute esperientzia parte hartzaile bat izatea nahi dutela; alegia, publikoa “obraren parte aktiboa” izatea nahi dute. Bide horretan, zenbait emanalditan ikusleek jan ahal izatea eta bazkaloste giroan kantuan parte hartzea aurreikusi dute.
Oraindik ez diote horri formarik eman, baina Beratarbidek eta Guillanek azaldu dute helburua dela “benetako bazkari baten atmosfera sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta”.
Lau aktore oholtzan
Metrokoadrokaren izenean, Ainhoa Alberdik, Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek sinatu dute proiektua, eta jakinarazi dute oholtzan lau aktore ariko direla.
Hots, kontatu dute Alberdik egingo duela agurearen rola, Beratarbide zuzendari artistikoa izango dela eta Guillan, berriz, dramaturgiaren arduraduna. Alabaina, diote lantalde osoa datozen hilabeteetan osatuko dutela.
Laster eroriko da 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean taularatuko dute Korrika Kulturalaren barruan, Euskal Herriko zenbait txokotan.
