Pasaiako Udala: "Urrats erabakigarria da historikoki herritarrek eskatutako obrak hasteko"
Donibaneko saneamendua sarea birgaitzeko lanen lehen faseko hitzarmena baikor baloratu du Pasaiako Udalak. Herritarrek egindako ekarpenak nabarmendu ditu.
Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea, Teo Alberro alkatea, eta Iraitz Pazos Hirigintza, Ingurumen eta Zerbitzu zinegotzia, atzo Bizkaia plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak, URA Uraren Euskal Agentziak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak hitzarmena egin dute Donibaneko saneamendu lanen lehen faseari ekiteko. Atzo Pasaiako Udalak hitzarmen hori onartu egin zuen udalbatzarrean. “Urrats erabakigarria da historikoki herritarrek eskatutako obrak hasteko, isuriak ezabatzen eta Donibaneko oinarrizko azpiegiturak modernizatzen aurrera egiteko”, esan du Aintzane Taberna Donibaneko alkateordeak, erabaki hori baloratzeko egindako adierazpenetan: “Proiektu estrategikoa da hori barrutiarentzako eta Pasaiako badiaren ingurumena hobetzeko, eta, urte luzeko herritarren aldarrikapenei, erakundeen arteko lan tekniko eta interinstituzionalari esker, azkenean gauzatzen hasiko da”.
Lehen fase hori Bizkaia plaza inguruko saneamendua egiteko lanena izango da, zehazki, Bizkaia aldea bera, Juan XXIII kalea, eta Donibane kalearen hasiera barnebilduta daude hor. Hondakin-urak edo ur zikinak, eta euri urak bereizteko hoditeri saria da eraikiko dutena, eta ponpaketa estazio bat ere jarriko da ur zikinak Loiolako araztegira bidali ahal izateko. Barrutiko zati historikoan gas sarea ere jarriko da.
Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen saneamendu lan horien lehen fasea egitearen kostua 1.464.100 eurokoa (BEZ barne) dela. Pasaiako Udalak xehetasun gehiago eman ditu, gaian ardura duten erakunde guztiek zenbateko ekarpena egin behar duten zehaztu du. Honakoa da: Pasaiako Udalak kostuaren %35 jarriko du (512.435 euro), Gipuzkoako Foru Aldundiak %30 (439.230 euro), URAk %25 (366.025 euro) eta Añarbeko Uren Mankomunitateak gainerako %10a (146.410 euro). Lanak esleitzen direnean, zortzi hilabeteren buruan eginak izango direla berretsi du udal erakundeak. Hala, bizilagunekin 2026ko martxoan lanen lehen fase horren gainean herritarrekin egindako batzarrean, udalak adierazi zuen aldundiaren intentzioa dela obrak udazkenean hastea.
Herritarren iritzia
Tabernak nabarmendu du gauzatuko den proiektua 2021ean aurkeztu zela, eta, ordutik, herritarrekin batera lan egin dela hobekuntzak txertatzeko eta barrutiko bizilagunek planteatutako beharrei erantzuteko: “Gobernu berria osatu genuenetik, gure lan-zutabeetako bat izan da hau udaletxean. Auzotarren eta inplikatutako gainerako erakundeen parte-hartzeari eta lankidetzari esker, proiektuan hasieran aurreikusita ez zeuden jarduerak sartu ahal izan ditugu, hala nola gas-sarea instalatzea kaleak irekiko direla aprobetxatuz, eta hobekuntza hori bereziki garrantzitsua izan da Donibaneko etxe eta establezimendu askorentzat”.
Faseka egingo dira Donibaneko saneamendu sarea berritzeko lanak. Lehenean Bizkaia plaza inguruko jarduketak daude sartuta. Taberna: “Gure konpromisoa obrek behar bezala aurrera egiteko eta proiektuaren hurrengo faseak bultzatzeko lanean jarraitzea izango da”. Hala, Donibaneko alkateordeak nabarmendu du obrak behar bezala egiten direla bermatuko duela udalak, ” eta horretarako, erakundeen arteko koordinazioa, herritarren arreta eta bizilagunei eta tokiko merkataritzari laguntzea indartuko ditu, eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko eta barrutiaren ingurumen eta hiri-eraldaketan aurrera egiten jarraitzeko”.
