Etxebizitzak hobetzeko neurriak eskatu ditu Lezoko PSE-EEk
Etxebizitzen birgaitze, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikorako laguntzak prestatu ditzala eskatu dizkio udal gobernuari.
Lezoko PSE-EEk udal gobernuari eskatu dio etxebizitzetan hobekuntzak egiteko neurriak har ditzala. Zehazki, horien birgaitze, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikorako laguntzak presta ditzala galdegin dio. Sozialistek esan dute herriko etxebizitzen parkea zaharkitua dagoela: “Geroz eta eraikin gehiagok behar dituzte egiturazko obrak, eta, horregatik, aldamioak gure herriko kaleen ohiko irudi bihurtu dira. Higiezinak egokitzeko beharrezkoak diren obra horiek, kasu askotan aldez aurreko ikuskapen tekniko batetik eratorritakoak, gastu ekonomiko handia dakarte, eta, batzuetan, bizilagun guztiek ezin dituzte beren gain hartu, edo nekez egiten dituzte”.
Egoera horri aurre egiteko diruz laguntzeko hiru ildo proposatu ditu Joxean Sanchezek, Lezoko PSE-EEren bozeramaileak: “Etxebizitzan inbertitzeak, bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, herriaren ongizate kolektiboari eta jasangarritasunari ere laguntzen dio”.
Hala, batetik, irisgarritasuna hobetzeko obrei begirako ditu lerroa sortzea eskatu du, “igogailuak jartzeko igogailurik ez duten eraikinetan, eta oztopo arkitektonikoak kentzeko atari eta eremu komunetan”. Bestetik, energia-eraginkortasuneko jarduketak ere iradoki ditu: “Fatxaden eta estalkien inguratzaile termikoa hobetzea eta eraikinen isolamendua, energia-eskaria murrizteko”. Etxebizitzetan energia-iturri berriztagarriak instalatzeko neurriak ere adierazi ditu, “hala nola autokontsumorako panel fotovoltaikoak; horrela, emisioak murrizten eta bizilagunen fakturetan aurrezten lagunduko da”.
PSE-EEk deitoratu du udal gobernuak arlo horren gainean duen jarrera. “Baliabide ekonomikoak daude eta beharra agerikoa da. Ezin da beste alde batera begiratu, bizilagunek bakarrik eta kasu askotan zailtasun handiz hartzen baitute beren gain birgaitzeen kostua, udalerri osoaren onerako ere”.
