Portuak 4.747 metro koadroko espazio bat lagako dio Adinberriri
Lursail horren lagapena La Herreran zentroa eraikitzeko eta Hospitalillo kaiaren inguruan lurpeko aparkaleku bat egiteko baliatuko da.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) Gipuzkoako Foru Aldundiari 4.747 metro koadroko eta 3.353.660 euroko balioa duen portu espazio bat doan lagako dio, Adinberri fundazioak Pasaian eraikiko duen zahartze osasuntsurako erreferentziazko zentro berrirako.
Maite Peña bigarren diputatu nagusiordea, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Adinberriko presidenteak eta Izaskun Goñi PPAko presidenteak gaur goizean irudikatu dute akordioa. Lursail horren lagapena La Herreran zentroa eraikitzeko eta Hospitalillo kaiaren inguruan lurpeko aparkaleku bat egiteko baliatuko da.
“Pasaiako portuak bere ingurunearekin duen konpromisoaren erakusgarri da akordio hau, eta Herrera Norteko hirigintza berrikuntza sendotzea ahalbidetzen du; izan ere, Sprilurrek enpresa eraikin berri bat eraiki berri du bertan”, adierazi du Izaskun Goñik.
Bestalde Maite Peñak baietsi du Adinberri “giltzarri” izango dela pertsonak erdigunean jarriko dituen Gipuzkoa berria eraikitzen jarraitzeko: “Proiektu honek zainketa eredu berritzailea eta komunitarioa indartuko du. Adinberrik 129 plazako egoitza izango du, bizikidetza unitateetan antolatua, baita eguneko zentroa, 18 apartamentu tutelatu, komunitateari irekitako espazioak eta 468 plazako lurpeko aparkalekua ere. Gainera, 400 lanpostu inguru sortuko ditu zuzenean eta zeharka, eta bultzada handia emango dio Pasaiako suspertze urbanoari, sozialari eta ekonomikoari. Pasaia eta Gipuzkoa berrikuntzan eta zainketetan erreferente bihurtzen lagunduko du”.
