«Emanaldi txiki-ertainak zaintzea tokatzen zaigu»
Azken lana sorterrian aurkeztuko du etzi Mikel Markez euskal kantautoreak. Disko berriarekin aspaldian buruan zebilkion bertsolaritzaren gaineko monografikoa egiteko asmoa bete du sortzaileak.
Mikel markez kantautoreak azken lana aurkeztuko du igandean, sorterrian. Azken lana sorterrira ekarriko du Mikel Markez (Errenteria-Orereta, 1971) kantautoreak. Hamalaugarren lana du Gezurrari zor, martxoan kaleratu berria, eta hainbat bertsolari izan ditu bidaide; haiek hitzak jarri, eta berak doinuak sortu ditu. Emaitzarekin pozik da.
Gezurrari zor diskoa kaleratu duzu martxoan eta bertara bildutako kanten letrak hainbat bertsolarik eginak dira. Nola sortu da elkarlan hori?
Nire lehen konplizea Alaia Martin izan da. Orain bi urte hasi ginen elkartzen nik aspaldian nuelako halako zer edo zer egiteko ideia buruan, bertso doinuen eta bertsolaritzaren inguruan monografiko bat egitekoa alegia. Parera etorri zitzaidan eta pentsatu nuen oso helduleku egokia zela ez soilik bertso doinu ezberdinak egiteko, baita gaur egun gizartean pil-pilean diren hainbat gai tratatzeko ere. Elkartu ginen, zenbait gai hautatu genituen, eta gai bakoitzarekin sorta egiteko zein izan zitekeen pertsonarik egokiena identifikatu genuen.
Alde batetik esan daiteke egin dugula gai jartzailearena, bertso saioan egiten den bezala, baina kasu honetan bertso paperekin. Hori eginda hasi da prozesua. Hasieratik argi nuen ez nituela egiturak errepikatu nahi.
Zer aurkituko du entzuleak?
Bederatzi bertsolarik egindako bederatzi gai ezberdin aurkituko ditu, eta nik sortutako bederatzi bertso doinu berri. Doinu horiek prosodikoak izan zitezen saiatu naiz, gainera. Alegia, hitz egiten den bezala kantatzekoak. Euskal Herrian izan dugun prosodiaren erregea Xabier Lete izan da.
Hitzak eta musika zuk konposatu ohi izan dituzu zure diskoetan. Honetan ez. Zergatik erabaki hori?
Esango nuke nire bigarren lan monografikoa dela honakoa. 1999an Pako Aristiren poemekin egin nuen Dena hankaz gora. Ez da lehen aldia; aldian behin gustatzen zait nire kantautore lekutik atera eta musikari bezala lan egitea, eta ez idazle gisa. Bertsolaritza oso barrukoa dut, eta honek eman dit aukera horretarako.
Horrek esan nahi doinu berri horiek bertso saioetan eta txapelketetan erabili ahalko dituztela?
Bai, kantatu izan dituzte Konplize ditut eta doinuan, eta nire beste doinu batzuk ere erabili izan dira. Niretzat ilusio handia litzateke eta, gainera, erakutsiko lidake baliagarriak izan direla, ondo asmatu dudala prosodiarekin.
Zein da kantautoreen egoera?
Esango nuke ebento handien garai batean garela, badirudi gailendu dela joera bat Ura Bere Bidean-ekin, ETSrekin, edo Zetak-ekin. Makroekitaldien garai batean gaudela dirudi, eta guri tokatzen zaigu emanaldi txiki-ertainak zaintzea, iruditzen zaidalako bestela ailegatzen ari garela piramide inbertituaren egoera horretara. Goian ematen du kristoren mugimendua dagoela, eta behera egin ahala ohartzen zara gero eta zailagoa dela Niessenera edo herriko aretora jendea erakartzea. Ematen du euskal kantagintza momentu honetan gauza erraldoi horiek direla, eta horra bazoaz urtean behin bete duzula kupoa.
Horren bueltan gure egoera da orain Kubak bizi duenaren antzekoa; ez dakigu argindarra izango dugun hurrengo hilabetean. Ez da oso osasuntsua eszena txiki eta ertainarentzat garai hau, baina ez dut gauza oso negatiborik eta horriblerik aipatu nahi. Garaiak dira, uneko koiuntura da, eta gure lana da ahalik eta kantarik onenak eta emanaldirik txukunenak egitea, saiatzea jendea xarmatzen eta erakartzen azpi hori osasuntsu segitzeko. Nik bizi izan ditut egoera ezberdinak Euskal Herrian, eta hau ere pasako dela uste dut, emango duela eman behar duena, eta gauzak bere lekura joango direla.
Gezurrari zor zure azken lanaren izena. Zer dago atzean?
Ematen zidan aukera ironia erabiltzeko. Bufoiak, azalean pinotxoa erabili dut, baina arlekinaren jertsearekin hori dena irudikatu nahi nuelako; beti esaten zen bufoia zela erregeari egiak esaten zizkion bakarra. Erdi brometan, gezurretan, barrezka… Baina tapa, botatzen zizkion. Egiak esateko modu eraginkorra izan daiteke gezur ironiko hori, gezur trabatu hori. Horregatik izena, baita irudia ere.
Berezia da diskoaren azaleko irudia. Nork egin du?
Jesus Mata pintore madrildarrarena da. Oriora etortzen da urtero iraila hasieran, eta han ibiltzen da leku eta jendeak margotzen. Lagun egin ginen, proiektua azaldu, eta hau da emaitza. Oso gustura gelditu naiz, laburtzen duelako diskoaren atzean dagoen filosofia guztia. Akuarelaz egina da.
Sorterrian duzu emanaldia igandean, Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean, herrikide batekin, Arkaitz Miner musikari handiarekin. Berezia izango al da?
Hemen aritzea beti da berezia. Etorriko dira anaiak, ilobak, lagunak, ingurukoak. Joan den astean Getxon izan nintzen eta beti da anonimoagoa, jende berria da, baina hemen publikoaren zati handi bat gertukoa dut. Niri gustatzen zait, eta presio handiagorekin edota beste energia molde batekin aritzen zara. Babesa ere handia da, publikoaren zati bat alde dago lagunak ditudalako edota etxekoak, eta maite nautelako.
Emanaldian Arkaitz Miner eta Iker Lauroba ariko dira musikari nirekin batera, eta gonbidatu, Odei Barroso. Herriarekin ere badu harremana Barrosok. Odeik inprobisatuko du eta emanaldi berezia izango da; ez dut ezer gehiago aurreratuko, jakin nahi duenak kontzertura etorrita ikusiko du. Gainera oso une berezia izango da, Arkaitzek [Miner] gurekin egingo duen azken emanaldia izango delako.
Behin baino ez dugu egingo, eta oso berezia izango da.
Lau hamarkada daramazu ia euskal kantagintzan. Asko aldatu da publikoa?
Izugarri aldatu da dena, gure gizartea, harremantzeko modua, kantaldiak antolatu eta bizitzeko era. Neurri handi batean, aurrera egin dugu izugarri teknikoki eta baliabideetan. Hasieran teknikoki modu prekarioan aritzen ginen, baina izugarrizko arima zuten emanaldiek. Orain jendea dator boligrafo gorriarekin, ‘emanaldi batera nator, ordaindu dut ea honek zer ematen didan artistikoki’. Lehen dena askoz biszeralagoa zen, publikoaren aldetik, eta gure aldetik ere. Bere alde onak ditu gaurkoak, baina lehengo garai hori ziurrenik ez da etorriko, eta pena da.
