"Memoria ariketak erresistentzia ariketak dira"
1987. urtean hil zuen Guardia Zibilak Luzia Urigoitia ETAko militantea Trintxerpen, atxilotzerakoan emandako tiro baten ondorioz. 'Lutxi eta zuhaitza' dokumentala ondu du Garrok, poliziaren bertsioari kontra egiteko.
Lander Garro Perez, Guardia Zibilak Luzia Urigoitia tiroz hil zuen eraikinaren aurrean. Imanol Saiz Gomez de Segura Trintxerpe, 1987ko uztailaren 23a. Errenteria kaleko hirugarren zenbakiko bosgarren pisuan Guardia Zibilak tiroz hil zuen Luzia Urigoitia ETAko militantea. 39 urte pasa dira hartatik, eta Urigoitiaren izena berriro entzuten hasi da Pasaiako barrutian. Lander Garro zinemagile errenteriarrak dokumental bat ondu du: Lutxi eta zuhaitza. Urigoitiaren memoria berreskuratzea, poliziaren bertsioari aurre egitea eta boterearen eta memoria ariketen harremana aztertzea izan ditu xede. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen, eta udazkenean iritsiko da zinema komertzialetara.
Trintxerpeko 20 urteko gazte batek ba al daki nor zen Luzia Urigoitia?
Ez. Gertakaria hemen izan zen, baina Luzia Otxandiokoa zen. Uste dut bere inguruko jendea hemen ez zegoenez, errazago ahaztu den zerbait izan dela. Endarlatsako jendearentzat edo Berako jendearentzat Mikel Zabalzarena bezala dela uste dut, hau da, erailketa lekua zerbait zirkunstantziala da. Trintxerpeko komunitate batentzat gauza garrantzitsua izan da, bai, eta horri ezin diogu balioa kendu, baina hemen jende oso gutxik daki zer gertatu zen Luziarekin.
Zergatik ahanztura hori? Lanketa falta izan da bertan?
Memoria ariketa erresistentzia ariketa bat da nire ustez. Azkenean, Lutxi bezalako jendearen memoria berreskuratzeko ahalegina beti dator espektro soziologiko mugatu batetik. Dokumentalean aipatzen den moduan, Lutxiren memoria oroitzea prozesu oso zaila eta jazarria izan da.

‘Lutxi eta Zuhaitza’ filmaketako argazki bat.Zigor Garro
Memoria hori berreskuratzea al da dokumentalaren xedea?
Bai, noski. Badago statu quo-aren partetik istorio ofizialaren eta bakarraren aldeko joera handia. Errelato bakar horren aurka egitea gauza zaila eta gogorra da. Lehen liburuen bidez egiten zen, eta orain, azkeneko 15 urteetan, teknologia digitalaren agerpenari esker, ikus-entzunezkoetara pasatu da lan hori. Lan xumea da, Euskal Herria bere osotasunean den ozeano zabal horretan lan txikia, baina nire ustez, beharrezkoa. Istorio ofizialek ezkutatu nahiko lituzketen errelatoak argitara ateratzea, esan bezala, beharrezkoa da.
Nola kontatzen da pasatutakoa, bertan egon gabe?
Kontuan hartu behar dugu alde batetik egi juridiko bat dagoela. Hau da, badago sententzia bat esaten duena ez dagoela deliturik Lutxiren istorioan. Poliziak esan zuena da dokumentalaren ardatza, eta dokumentala desmuntatzen saiatzen dena. Hori bera desmuntatzeko alde batetik Pako Etxeberria dugu, bera izan zen-eta kasuaren forentsea, bera izan zen Luzia hilik ikusi zuen lehen pertsona, poliziaz gain. Bestetik, Iñigo Iruinen testigantza ere badugu, Luziaren familiaren abokatua izan zena. Horrez gain, Alicia Pereira dugu, bera zen Luzia hil zuten etxearen jabea. Pelikulak konfrontazioa bilatzen du, ikuspegi forentsetik poliziak esan zuena gezurtatzeko ahalegina eginez.
Forentseak egindako lanaren ondorioz demostratu zen poliziaren bertsioa ez zela egia. Horrez gain, jakin izan genuen Lutxiri tiroa garondoan eman ziotela, eta beraz, badakigu bizkarrez zegoela. Poliziak esan zuen Lutxik tiro egin nahi izan zuela, eta hori bera geldiarazteko egin ziotela tiro hari. Lutxi hil zuen bala lurrean zegoen, beraz, Lutxi jada lurrean zegoen hildakoan. Poliziak esan zuena gezurtatzeko langintza oso erraza zen. Gero poliziak bertsioa aldatu zuen, eta epaileak ez zuen kriminalitate zantzurik ikusi kasuan. Epaileak ez zuen poliziaren bertsioa baieztatu, baina esan zuen ez zela deliturik izan bertan.
Pako Etxeberriaren eta Iñigo Iruinen presentzia ezinbestekoa al da?
Erabat. Dokumentala true crime generokoa da, eta piezaren parte nagusienak haien bien testigantzak dira. Inkoherentzia asko daude istorioan. Adibide bat ematearren, poliziak txaleko bat entregatu zuen, adieraziz Lutxik bertan tiro egin zuela, baina bi zatitan entregatu zen txalekoa, eta bi egun ezberdinetan. Inork ez daki txaleko horrekin zer gertatu zen Intxaurrondoko kuartelean. Elementu asko daude istorioan, eta horien puzzleak sortzen du narratiba, testigantzekin batera.

Olaia Aguayo, Urigoitiaren paperean.Zigor Garro
Dokumentalak norbaiten barrenak nahastuko al ditu?
Ez dut uste pelikula emozional bat denik. Ikuspegi forentsetik jorratutako lana da, baina ez dut dudarik jendeari zerbait eragingo diola esaterakoan. Gogoetarako materiala ematen da bertan, eta hori bera jendearengan sortzea bada helburuetako bat. Ez dut bereziki alde emozionala arakatu nahi izan, eta uste dut nahiko hotzak izan garela sormen prozesuan. Jendeari erakutsi nahi izan diogu zer gertatu zen, eta gero, bakoitzak erabakitzea zer pentsatu nahi duen.
Nola iritsi zen proiektu honen proposamena zure eskuetara?
Otxandioko Aurrera Begire elkartekoek deitu zidaten duela hiru urte. Nik kasua ezagutzen nuen, hemengoa naizelako, eta ni banaiz gertakaria izan zenean sumindura sentitu zuenetako bat. Niretzat Lutxi beti izan da hor egon den izen bat. Ez dut inoiz ahaztu, eta gertutasun hori edukita proposamena onartu nuen. Aurrera Begire elkartekoek bazuten dokumentazio lana egina lehenagotik, eta proposamena onartzean, hori bera sakontzen jarri nintzen. Iruinen presentzia ere ezinbestekoa izan da, berak milimetrikoki ezagutzen duelako kasua.
Lanketan hotz mantendu zaretela diozu. Beti presente izan duzun gai bat jorratzean, eta zure ustez injustizia bat denean, zaila al da amorrua jokoz kanpo uztea eta hotz mantentzea?
Amorru puntu hori ez dut presente izan, eta ez zait zaila egiten alde batera uztea. Kazetaria naiz, eta agian ohituta nago horrelako gaiak jorratzera. Nire zinema horrelakoa izan da beti, istorio ofizialak pixkanaka desegin eta egia erakusten saiatzekoa. Jendearekin egiten dut lan, eta hori ere garrantzitsua da. Paperekin lan egitea jendearekin lan egiteagatik aldatzen duzunean, hainbat gauza ikasten dituzu. Alicia Pereirarekin egindako elkarrizketa, adibidez, oso-oso hunkigarria izan zen. Berak zioen beti irekita izan duen zauri bat dela Lutxiri gertatutakoa, ezin izan duela hori gainditu. Berekin izan dudan harremana oso hunkigarria izan da, eta alde mingarri hori nire lanean beti dago, baina gauza eder asko ditugu ere.
Horrelako proiektuek zauriak ixten al dituzte, edo berriro irekitzeko arriskua dute?
Aliciaren kasua jarriko dut. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu genuen dokumentala, eta proposamena helarazi zidatenean, Aliciari deitu nion. Esan nion Viktoria Eugenian proiektatuko genuela, eta berak esan zidan oso ederra zela Lutxiren istorioa horrelako leku batean ikustea. Proiekzioa eta gero, harekin hizketan, esan zidan beretzat zirkulu bat itxi zela. Harentzat, Donostian, Viktoria Eugenian istorioa ikustea ate bat ixtea izan zen.
Askotan horrelako lanak egiten ditugunean aipatzen dugu memoria berreskuratzeko edo ahanzturan ez erortzeko egiten dugula, baina horrelako elkarrizketak ditugunean, konturatzen gara pertsona horiengatik ere egiten dugula. Agian arrazoi txikia da batzuentzat, eta handia beste batzuentzat, baina ikusita pertsona horrek azken 30 urteetan bizi izan duena, ez dago dudarik arrazoi ederra dela berari laguntzea zauria itxi dezan.
Izango dira istorioa ezagutzen ez zuten pertsonak dokumentalaren ikusleen artean. Horiei zer eragin nahi izan diezu?
Erantzun konplexua du galdera horrek. Lan zinematografiko bat egiterakoan hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Alde batetik, istorioa nola kontatzen duzun dago, hau da, narratiba konplexu bat nola kontatzen duzun, jendeak ongi uler dezan. Bestetik, hizkuntza zinematografikoarekin zer gertatzen da? Pelikulak baditu elementuak, hitzak ez direnak, ikuslea narratibaren barnean sartzeko, ikusleak bidaia beste modu batean egin dezan. Jakin behar dugu zer elementu sartu, bidaia hori erraza izan dadin.
Dokumental bat da, baina pelikula baten pintzeladak baditu, hala nola aktoreak eta fikzioa.
Lan hau egiterakoan bi erreferente zinematografiko izan ditut argi eta garbi: Lars Von Trier eta Patricio Guzman. Lars Von Trierrek Dogville egin zuenean oholtza batean marraztu zuen etxe baten planoa, eta orduan, eszenak plano horren gainean muntatzen dira, joko absurdo bat sortuz, non pixkanaka zoazen sinisten eta istorioan sartzen. Dogma mugimendu horrek bazuen egiaren eta gezurraren arteko jokoa. Dokumental honetan ere hori ikus dezakegu, momentu batean adibidez klaketa ikusten delako. Guzmanek, aldiz, bere bizitza guztia eskaini dio Txileko estatu kolpea dokumentatzeari. Guzman ezagutu nuenean burua lehertu zitzaidan. Ez da zer kontatzen duen, baizik eta nola kontatzen duen, zer nolako artefaktua sortzen duen. Ederra da ikertzea nola azaldu gertakari bat bere sinpletasunetik aterata, ikusleari beste geruza bat gehituz.

Makillaje prozesua.Zigor Garro
Jule Goikoetxea eta Javi Buces agertzen dira amaieran.
Bai, hala da, dokumentalaren azkeneko zatia haiek dira. Memoriari buruzko adierazpenak dira, memoriari buruzko zatiak. Lutxi Urigoitiaren kasua berezia izan da, bera ahanzturan ez erortzeko saiakerek erantzun errepresiboa izan dutelako. Oroimen ariketetan beti dago errepresio zantzu bat, baina Lutxirekin etengabekoa izan da. Otxandion bi mural egin zituzten eta ezabatu egin zituzten, plaka bat jarri zioten eta kentzeko agindua eman zieten… Azkeneko atzaparkada 2015ean izan zen, Lutxiren omenaldi batean lau lagun atxilotu zituzten eta. Hemen badago premia bat azaltzeko nola jokatzen duen botereak horrelako memoria ariketen aurrean. Salaketa hutsean gelditu arren, niretzako beharrezkoa zen bi adituren testigantzak edukitzea, ulertzeko zergatik egiten duen hori botereak. Jule Goikoetxeak hurrengoa esaten du: «Botereak ez ditu memoria ariketa hauek iragana aldatzeko galarazten, etorkizuna aldatzeko baizik». Niretzako esaldi ederra da hori, eta esanahi handia dauka. Nondik gatozen hori kontrolatzen badute, kontrolatu ahal izango dute nora goazen.
Ze bide hartuko du orain Lutxi eta zuhaitza-k?
Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu genuen, eta udazkenean zinema komertzialetara iritsiko da, lehenengo hiriburuetara eta ondoren herrietara. Izan liteke ere nazioarteko festibalen batean aurkeztea, ikusiko dugu.
