Errioxako Demanda mendilerrora asteburu pasa
Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldea eta Herrerako Mendizaleak Errioxara joango dira hilaren 27an eta 28an.
Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldea eta Herrerako Mendizaleak Errioxara joango dira asteburu pasa hilaren 27an eta 28an, Demandako mendilerroan bi irteera egiteko. Mendizaleak hilaren 27ko 06:00etan irtengo dira Trintxerpeko elizaren azpiko autobus geltokitik, eta 06:05ean Garberan, 06:10ean Pio XIIn eta 06:20an Andoainen geldialdiak egingo dituzte, jendea jasotzeko. Bazkideek 105 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko; bazkide ez direnen prezioa, aldiz, 120 eurokoa izango da. Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira.
Hilaren 27an Viguerako gazteluko ibilbidea egingo dute mendizaleek. Irteerak 9 kilometro inguru ditu, eta hiru ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusi dute antolatzaileek. Ibilbidean zehar harkaitz konglomeralitiko gorriak ikusiko dituzte, kare zementu batez lotutako harkaitz blokez osatuta, Huescako Riglosko Malloak ezagunen antzekoak direnak. Higadura handiak paisaia ikaragarriak sortu dituela jakinarazi dute sustatzaileek.
Hilaren 28rako, aldiz, bi ibilbide proposatu dituzte: luzea eta ertaina. Biek ala biek ibilbide zirkular bat osatuko dute, Valdezcaraytik. Luzeak 7.4 kilometro izango ditu, 4 orduko iraupenarekin. Mendizaleak Ormazalgo lepotik, Cabeza Parda menditik, Nestazako atetzarretik eta San Lorentzo (2.271 metro) menditik igaroko dira. San Lorentzo da Demandako mendilerroko gain altuena. Ibilbide ertainak 5.4 kilometro izango ditu, bi ordu eta erdiko iraupenarekin. Horiek Ormazalgo lepotik eta Cabeza Parda (2.114 metro) menditik pasako dira.
Hilaren 27ko gaua Ezcarayko La Cuculla aterpetxean egingo dute. Gauaz gain hilaren 28ko gosaria barne izango dute mendizaleek. Sustatzaileek adierazi dute ez dela lo zakurik, izararik edo eskuoihalik eraman beharko. Hilaren 27ko afaria Ezcarayko La Estación jatetxean egingo dute, eta honako menua aukeratu beharko dute mendizaleek:
- Lehenengo platerak: Entsaladilla errusiarra, behi zezina, urdaiazpiko iberikoen kroketak, barazki pasteltxoak ganbekin, bakailao entsalada epela, tomate eta mendrezka entsalada, ahuakate eta izokin marinatu entsalada, barazki menestra urdaiazpikoarekin, patatak bakailaoarekin, potxak barazkiekin eta kaparrondoak sakramentuekin.
- Bigarren platerak: Bakailao kokotxa arrautzaztatuak, bakailaoa errioxar erara, txipiroiak plantxan, atuna plantxan, entrekota plantxan, behi azpizuna, arkume txuletillak, masailak ardo beltzean, oilaskoa curry erara arrozarekin eta haragi bolak patatekin.
