'Kokreta' eta kroketa artean, elkartasun masa
Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteen aldeko Hegan eta Irriz Kroketa Jaia jaso du Karlos Saldise plazak.
Hegan eta Irriz Kroketa Jaia jaso zuen ostiralean Karlos Saldise plazak. Markelen Irria eta Juneren Hegoak laguntzeko elkartasun festa izan zen, horren ardatz kroketak izan zirelarik: 1.000 masa biribilki ogiztatu jarri zituzten salgai, euro batera, bi elkarteek euren jardunarekin segitzeko behar duten laguntza izan dezaten. Gaztetxoren baten ahotik ‘kokreta’ bat nahi zuela atera zen; gehienek kroketak nahi zituzten. Izenak eta hizkerak aparte, elkartasun masa bat izan zen ostiralean herriko plaza estalia.
Haurrentzako jarduerekin ireki zuten elkartasun topaketa. Real Sociedad Fundazioari esker puzgarrietan ibili ziren txikienak, eta eskulanetan trebe azaldu ziren. Jaixkipe txarangak, Bidasoko erraldoiek, Irene eta Bearen zumba saioak, edo DJ Juanoren emanaldiak girotu zuten plaza eta herria. 21:00etan, zozketen sari banaketa egin zen: dozenaka eta dozenaka izan ziren produktuak eta gaiak eman zituzten talde, eragile eta norbanakoak, eta haiek emandakoekin zozketak egin zituzten aurrez edo gaur bertan erositako errifen jabeen artean. Irabazleen berri izateko klik egin esteka honetan. Irabazleek hilabeteko epea dute antolatzaileekin harremana egin eta saria jasotzeko: posta elektronikoz eta Markelen Irria nahiz Juneren Hegoak elkarteen sare sozialen bidez egin behar da harreman hori.
Jaia egin bitartean, Arkaitz Kalu Erize lezoarrak hark dakien bezala, korrika, elkartasun kilometroak egin zituen herritik herriko korrikalariekin eta Markel Merinorekin.
Ostiralean Lezoko festan egoterik izan ez zutenek, urte osoan dute Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteak laguntzeko. Agian kroketarik gabe, baina elkartasun masa egiteko aukera beti eskertuko dute bi eragileek.
Beheko irudietan ostiraleko giroaren hainbat une ikus daitezke.
