Literatura eta sormena gainezkoa Lekuona Fabrikako Udal Bibliotekan
Egitarau zabala bezain interesgarria hilabete honetarako Lekuona Fabrikaren Udal Bibliotekak ondu duena. Sormena eta literatura erdi-erdian jarri ditu.
Egitarau zabala bezain interesgarria hilabete honetarako Lekuona Fabrikaren Udal Bibliotekak ondu duena. Sormena eta literatura erdi-erdian jarri ditu. Gainera, parte hartzea sustatu nahi du antolatutako jardunaldien bidez. Denera, hiru liburu aurkezpen, Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketaren sari banaketa, eta kalean ehuntzeko munduko egunaren barruan topaketa antolatu ditu.
Gaur zabaldu du horien berri. Lehen hitzordua hilaren 9an, asteartearekin. Egun horretan, Karmele Correyero Sosasek Labyrinthus liburua aurkeztuko du. Egileak nortasunaren nahasmenduak jarri ditu agerian lan horretan poesiaren bidez. 17:30ean izango da aurkezpen hori. Hilaren 12an, berriz, 18:30ean Las hijas de Amari aurkeztuko du Segio Pereira egileak. Eleberriak, baskoien lurraldea Erromako inperioaren menpe dagoen garaian kokatzen du istorioa, eta bi herrien arteko harremanen hauskortasuna eta botere tentsioak jorratzen ditu.
Hirugarren liburu aurkezpena, hilaren 26an; egun horretan Gemma Diezek Finalmente soy yo: mi noche oscura del alma aurkeztuko du. Barne prozesu pertsonaletan sakontzen du liburuak, argitasuna eta iluntasuna uztartuta. Aurkezpena, 17:30ean izango da.
Saio guztiak Lekuona Fabrikan egingo dituzte, denak gaztelaniaz, eta helduei zuzenduta.
Bestalde, hilaren 17an, Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo dute, 18:00etan hasita.
Bukatzeko hilaren 13an 10:00etan Kalean Ehuntzeko Munduko Eguna ospatuko du Lekuona FAbrikak. Parte hartzaileek goiza elkarrekin ehuntzen emango dute. Aire librean egingo dute jarduera, eguraldiak betiere, laguntzen badu, eta bestela, Lekuona Fabrikaren Plaza luzean elkartuko dira. Irekia da jarduera, eta ez da beharrezkoa izena ematea, parte hartu nahi duen edonor joan daiteke ehuntzeko tresnekin.
