Luis Barriosen erakusketa zabalik, Xenpelar Etxean
'Artista liburuak. Poema eskulturak' erakusketa espazio horretarako espresuki sortutako lanen aukeraketa dela azaldu du Barriosek.
Artista liburuak. Poema eskulturak erakusketa zabalduko dute bihar Xenpelar Etxean. Horren atzean, Luis Barrios errenteriarrak sortutako lanak. Koadernatzailea, artista liburuen egilea, hizlaria, ikerlaria eta liburuaren arte eta ofizioak sustatzeko jardueren antolatzailea da errenteriarra, baita Arteliburu 21 elkartearen sortzaileetako bat ere.
Erakusketa espazio horretarako espresuki sortutako lanen aukeraketa dela azaldu du Barriosek, “azken 18 urte hauetako ale bakarrak dira. Nire proposamena, ikusleari hizkuntza bisual ezberdinen bidez adieraztea da, testuak eta lan materialak konbinatuz”. Bere proposamen artistikoak hainbat ardatz nagusi ditu. Hala, hitzik behar ez duten poema eskulturak sortzea, edota liburuaren materialen karga poetikoa nabarmentzea. Horrekin batera, ekoizpenean ohikoak ez diren materialak erabiltzen ditu, eta gainera, formatu handiko eta ohikoak ez diren lanak diseinatzen ditu. Horri denari, liburuaren historiari buruzko ezagutza partekatzea erantsi dio Barriosek.
Bihar, asteartea —ekainak 2— egingo du erakusketaren aurkezpena 18:00etan Eluska Kortajarenak.
