EAJ: "EH Bilduk saihestu zitekeen porrot judizial batera eraman du Pasaia"
Alderdi jeltzaleak "oso larritzat" jo du alkateak eta udal gobernuak aparkalekuaren ordenantzari buruzko epaiaren ondoren izan duten jarrera.
Pasaiako EAJk “oso larritzat” jo du Teo Alberro alkateak eta EH Bilduko gobernu taldeak udal aparkalekuaren ordenantzari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren ondoren erakutsi zuten jarrera. Loreto Osa bozeramilearen hitzetan, “errealitatea manipulatzen eta herritarrak engainatzen saiatzeko ahalegina” egin dute.
Alkateak erakutsi duen erakunde errespetu falta “harrigarriena” dela esan du alderdi jeltzaleak: “Udalerriarentzat garrantzi handikoa den ebazpen judizial bati buruz balorazio publiko interesatu eta alderdikoiak egin aurretik, epaia udal talde guztiei helaraztea gutxieneko exijentzia zen; eta azalpen zorrotz eta gardena ematea. Ez da hala gertatu. Beste behin ere, EH Bilduk propaganda lehenetsi du informazioaren gainetik”.
EH Bilduk “kolpe judizial garrantzitsua” jaso duela adierazi du EAJk, eta “zintzotasunez onartu beharrean, arrakasta gisa saltzen saiatu” dela gaineratu du alderdiak: “Larriena da alkatea herritarrei epaiaren interpretazio bat helarazten saiatzen ari dela, errealitatearekin bat ez datorrena”.
Alderdi jeltzaleak nabarmendu du, ordenantzaren izapidetze osoan zehar, udalari “behin eta berriz” ohartarazi ziotela ezin zuela portu lurretan alde bakarrez jardun aldez aurretik Pasaiako Portu Agintaritzarekin akordiorik lortu gabe: “Behin eta berriz esan genuen. Udal organoetan defendatu genuen. Idatziz planteatu genuen. Eta Teo Alberroren eta bere taldearen aldetik beti erantzun bera jaso genuen: mespretxua, harrokeria eta edozein ohartarazpenen gainetik zeudela sinestea”. EAJk esan du salatu zuela “EH Bilduk aukeratutako alde bakarreko bideak auzitegietan bukatu zezakeela eta beharrezkoa ez zen erakunde arteko gatazka eragin”.
Alkatearen eta bere taldearen erantzuna beti bera izan dela esan du alderdi jeltzaleak: “Arazoa ukatzea, ohartarazpenak mespretxatzea eta indarrean zeuden hitzarmenak nahikoak zirela defendatzea, inolako akordio berririk gabe jarduteko”.
“EH Bildu oker ibili da”
Sortutako egoeraren aurrean, Osak nabarmendu du EH Bildu “oker” aritu dela: “Ohartarazpenei entzungo egin die, eta alkatea porrot judizial agerikoa estaltzen saiatzen ari da”.
Epaiak portu lurrei eragiten dieten ordenantzaren “funtsezko elementuak baliogabetzen” dituela adierazi du alderdi jeltzaleak, eta “argi uzten” duela udalak “ezin zuela jardun egin zuen moduan”. “Alkateak orain dioen bezala epaiak udalaren jarduna babesten badu, zergatik behartzen du ordenantzako artikulu bat ezabatzera? Zergatik baliogabetzen ditu eragindako planoak? Zergatik jarraitzen dute indarrean prozeduran zehar ezarritako kautelazko neurriek eragindako mugak? Zergatik kondenatu dute udala kostuak ordaintzera?”.
EAJren ustez, egoeraren “kezkagarriena” da “erabat saihestu” zitekeela: “Nahikoa zen entzutea. Nahikoa zen negoziatzea. Nahikoa zen gutxieneko zuhurtzia instituzionalarekin jokatzea. Baina EH Bilduk inposatzea, konfrontazioa eta berearekin bat ez zetozen jarrera guztiak mespretxatzea lehenetsi zuen. Oposizioaren ohartarazpenei entzungor egin zien eta, azkenean, porrot judizial bat eragin du; orain, berroz garaipen gisa mozorrotu nahi du herritarrak nahasteko”.
Emaitza agerian dagoela salatu du alderdi jeltzaleak: “Hilabeteetako erakunde arteko gatazka, errekurtso judizialak, beharrezkoa ez zen gastu publikoa eta udal gobernuaren estrategia politikoa bertan behera uzten duen epaia”.
Bozeramaileen batzordean emandako azalpenak ere “egoeraren mailakoak” izan ez direla adierazi du EAJk: “Gertatutakoa argitu beharrean, alkatea berriro ere interpretazio interesatuetan eta argudio kontraesankorretan babestu da, eta ez dio funtsezko galderari erantzun: zergatik baztertu zen hilabetez hilabete portu agintaritzarekin adostasunaren bidea? Zer ondorio praktiko izango ditu epaiak ordenantzarentzat? Eta zer urrats egingo ditu udalak berak sortutako egoera hau zuzentzeko?”.
Honakoa esan du Osak: “Atzerapauso berri honek erakusten du maizegi errepikatzen ari den jokabide eredu baten aurrean gaudela. EH Bilduk autosufizientziatik eta harrokeria politikotik gobernatzen du, ohartarazpenak mespretxatzen ditu, elkarrizketa baztertzen du eta, errealitateak oker zegoela erakusten duenean, errudunak kanpoan bilatzen ditu eta kontakizunak eraikitzen ditu bere akatsak ezkutatzeko”.
Pasaiak “egia esango duen” gobernu bat merezi duela esan du alderdi jeltzaleak, “okertzen denean erantzukizunak beregain hartuko dituena eta beste erakundeekin akordioak lortzeko gai izango dena, arazo bakoitza borroka politiko bihurtu beharrean”.
EAJk honakoa defendatzen jarraituko duela zehaztu du:” Zorroztasuna, erantzukizun instituzionala eta adostasun gaitasuna. Izan ere, Pasaiako arazoak ez dira epaiak berridazten saiatuz edo herritarrak engainatuz konpontzen. Lan eginez, elkarrizketaren bidez eta egia esanez konpontzen dira”.
