"Herriari eskerrak emateko egun bat da, baina baita gure buruari aitortza egiteko ere"
Biyurrieneak laugarrenez antolatu du Eskertza Eguna. Hilaren 5 eta 6an izango da aurtengo ospakizuna, Madalensoro plazan.
Olaia Sorondo Oñatibia eta June Sanzberro Aizpurua.Imanol Saiz Gomez de Segura Herria elkartu, bat egin eta eskerrak emateko hitzordu garrantzitsua da Biyurrieneak antolatzen duen Eskertza Eguna. Aisialdirako ekintzak eta jarduerak antolatzen dituen gazte talde bat da, finean, Biyurrienea, eta aurten laugarrenez egingo dute euren ekimenez Eskertza Eguna. Ostiralean (hilak 5) zein larunbatean (hilak 6) izango da aurten, eta egitarau borobila osatu dute.
Olaia Sorondo Oñatibia eta June Sanzberro Aizpurua gazte talde horretako kideak dira, eta buru belarri aritu dira biak asteburuko egitaraua prestatzen beste zenbait kiderekin batera. Beraz, ospakizun horren atzean dagoenaren inguruko xehetasunak eman dituzte.
Sorondok hartu du hitza lehenbizi, eta kontatu Eskertza Eguna Gazte Egunaren tankerako egun bat dela, “baina herriari eta batez ere gazteriari eskerrak emateko sortutako zerbait gure ekintzetan parte hartzeagatik, dela txosnetako txanda bat egiteagatik edota, oro har, Biyurrieneak eskaintzen dituen ekintzetan parte hartzeagatik. Herriari eskerrak emateko egun bat da, baina baita gure buruari aitortza egiteko ere”.
Sanzberrok erreleboa hartu, eta gehitu du Biyurrienea bere garaian beste gazte batzuekin osatuta zegoela, eta gazte horiek erretiroa hartu zutenean horiei eskertza egiteko egun moduan sortu zela sona hartu duen ospakizun hori. “Beste parranda bat egiteko gogoa genuen, baina herriari horrelako ezer ez zen antolatzen, ez behintzat neurri horretan, eta polita iruditu zitzaigun parte hartzen duten guztiei eskertza bat egitea”, diote.
Egun bateko ospakizuna izatetik, bi egunera
Eskertza Eguna hasiera batean Haurtzaroko frontoian egiten zuten, eta gazteek kontatu dute “pauso handi bat” izan zela egitasmoa Madalensoro plazara mugitzea eta karpa handi bat jartzea. “Beste forma bat eta beste itxura bat hartu zituen”.
Hori, baina, ez da izan Eskertza Egunak bizi izan duen aldaketa bakarra, iaz egitaraua bi egunera luzatu baitzuten. Eta, noski, aurtengoa ere hala izango da. “Ostiralean eskaintza lasaiagoa egin genuen kantaldiarekin, eta larunbatean parranda giroa gailendu zen”, jarraitu du Sorondok.
Aurtengo egitarauari begira jarri da Sanzberro, eta azaldu du ostiralean Mirari Martiarenaren bakarrizketak irekiko duela egitaraua, eta kantaldiarekin jarraituko dutela gero. “Larunbateko egitaraua eguerdian hasiko da. Bazkaria antolatu dugu herriko jendea bertaratzeko, eta arratsaldean hasiko da festa giroa. Matraka elektro txaranga izango dugu, Herenegun taldearen kontzertua ere bai, eta baita Dj-ak ere gaua amaitzeko. Egitaraua edonorentzat irekita dago; eskertza herriarentzat da, baina gonbita denei luzatuta dago”.
Herrigintzan aritzen den orori, gonbita
Dozenaka lagun biltzen ditu Eskertza Egunak Oiartzunen, herrian garrantzia hartu duen hitzordu bat denaren seinale, beraz. “Oiartzuar asko eta bertakoak ez diren jende asko elkartzeko gune bat da, eta indarra hartzen ari da”, jarraitu du Sanzberrok.
Egunak arrakasta handia du herrian, baina horren atzean dagoen lana erdigunean jarri du Sorondok. “Antolakuntza aldetik lan asko du Eskertza Egunak. Egunean bertan oso polita da, baina atzetik hilabete askoko lana dago”. Sanzberrok osatu ditu Sorondoren hitzak: “Ezkutuko lan asko dauka, baina, noski, gustu handiz egiten dugu. Egunean bertan konpentsatzen da aurretik egindako esfortzu guztia”.
Sorondok amaitu du hitzartzea, eta herritar oro gonbidatu asteburuko hitzordura: “Oiartzuarra izan edo ez, herrigintzan parte hartzen duen edonori zuzendutako egitasmoa da Eskertza Eguna. Karpa handia da, denak kabitzen gara, eta ondo pasatzeko egun bat da”.
Eskertza Eguneko egitaraua
Hilak 5, ostirala
- 21:30. Mirari Martiarenaren bakarrizketa. –Afaltzeko taloak egongo dira–.
- 22:30. Ane, Irati eta Joxe Leonen kantaldia.
Hilak 6, larunbata
- 14:00. Bazkaria.
- 18:30. Matraka elektro txaranga.
- 20:30. Zumbonak.
- 21:30. Dj Ustekabe.
- 22:30. Herenegun.
- 00:00. Dj Enabil.
- 01:30. Dj Fifi ta Fefa.
