'Udala informatzen' aldizkariaren urteko lehen alea, kalean
Aldizkariaren eta hilabeteko aisialdiko agendaren esku orriaren itxura aldatu dute udalean komunikazio estrategiaren azterketa egin ondotik.
Udala informatzen aldizkariaren urteko lehen aldizkaria banatu dute berriki, eta bertan udalaren lehen seihileko jardunaren ildo batzuk bildu dituzte. Udaletik aurreratu dutenez, irakurleak bost gai nagusi, hamabi labur eta zenbait hitzordutako irudiak topatuko ditu aldizkarian.
Gainera, itxura berria dute aldizkariak zein hilabeteko aisialdiko agendaren esku orriak. Izan ere, udalak bere komunikazio estrategiaren gaineko azterketa egin du, eta bertatik ateratako emaitzek zein ondorioek isla izango dute udalaren irudian eta euskarrietan. “Eraldaketa progresiboa izango da, aldizkaria eta ekaineko agenda izan dira lehen egokitzapenak”, diote.
Oiartzungo Udalak euskara hutsean inprimatu eta banatzen du aldizkaria etxe guztietan, baina hala nahi duenak gaztelaniazko bertsioa ere jaso dezake. Horretarako 943 49 01 42 zenbakira deitu, mezu elektroniko bat idatzi edota Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegora joan behar da.
