200 ikasle inguruk Oiartzun ibaia ezagutu eta ibaiertzak garbitu dituzte
Ibaitik gertu dauden berdeguneak garbitzen eta Oiartzun ibaiaren biodibertsitatea ezagutzen izan dira egunotan ikasleak.
Erreka zaintzea ez da soilik zaborra jasotzea. Halaxe ibili dira herriko ikastetxeetako 200 ikasle inguru egunotan, Oiartzun ibaiaren ertzetan. Fanderia eta Bakearen parkearen inguruan egin dituzte jarduerak; alegia, ibaiaren berdeguneak garbitu dituzte eta biodibertsitatea ezagutu, taldeka. Maiatzaren 26tik 29ra izan ziren Koldo Mitxelenako, Telleri-Aldeko, Egiluzeko, Bizaraingo eta Cristobal Gamongo ikasleak.
Egitasmoa Errenteriako Eskolako Agenda 2030 hezkuntza programaren baitan antolatu dute. Helburua argia izan da: Oiartzun ibaiaren beste ikuspegi bat ezagutzea. “Ibaia ez da soilik ura daraman ibilgua, baizik eta landarediak, animaliek, uraren kalitateak, ibaiertzeko egiturak eta herritarren ohiturek osatzen duten ekosistema bizia”. Bisita gidatuen bitartez, elementu hauek guztiak eta duten balioa gertutik ezagutu dituzte erreka osoasuntsu batek behar dituen baldintzak zeintzuk diren jakiteko.
Garbiketa egiteaz gain, landutakoaren gogoeta egin dute. “Erreka osasuntsu batek ibaiertzeko landaredia behar du, animalientzako babeslekuak, uraren kalitate ona, ibilgu anitza eta herritarren zaintza aktiboa”. Honela, ikasleak udalerriko eragile aktibo bihurtu nahi ditu udalak, herria ezagutuz eta hobetzeko proposamenak eginez.
Herritar orori gonbita egin diete ibaia zaintzeko: “Oiartzun ibaia eta haren inguruko berdeguneak guztionak dira, eta guztion artean zaindu behar ditugu”.
