Correoseko eraikina eraisten hasi dira
Jarduketa horiek La Herrera eremuaren eraldaketaren barruan kokatzen dira. Trintxerpek espazio publiko berri eta kalitatezkoa irabaziko du orain.
Martxan dira Correoseko eraikina eraisteko lanak, eta gune horretako obrak hastearekin batera, hasi da La Herrera eremua eraldatzeko sinatutako erakundeen arteko hitzarmenaren barruan aurreikusitako jarduketa nagusietako bat. Correosek La Herrera eraikin berrian ditu bere bulegoak jada, eta horrek horrek eraispenari eta ondorengo berrurbanizazio lanei ekitea ahalbidetu duela adierazi du udalak.
Pasaiako Udalak, Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sprilurrek iaz sinatutako hitzarmenak hainbat jarduketa jasotzen dituela aurreratu du udal erakundeak: “Correoseko eraikina eraistea, lurzatia eta inguruko espazioak berrurbanizatzea, Correosen instalazio berriak egokitzea eta, bereziki, Trintxerpeko herritarrentzat erabilera publikoko espazio berriak sortzea”.
Proiektuaren helburua da “gaur egun erabilera mugatua duten eremuak herritarren eskura jartzea eta La Herrerako eraldaketan beste urrats bat egitea”. Jarduketei esker, 3.200 metro koadro baino gehiagoko espazio publikoa berreskuratuko dela, oinezkoentzako eta bizikletentzako loturak hobetuko direla eta Trintxerperentzako plaza eta egonleku berri bat sortuko dela baietsi du udalak.
Honakoa adierazi du Teo Alberro Pasaiako alkateak: “Urrats garrantzitsua da eraisketa hau. Trintxerpek espazio publiko berri eta kalitatezko bat irabaziko du, herritarren eguneroko erabilerarako pentsatua. Urte luzez itxita edo erabilera mugatuarekin egon diren eremuak pixkanaka herritarren esku jartzen jarraituko dugu, horixe da udalaren lehentasunetako bat: espazio irekiagoak, irisgarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzea”.
