HemenGuk azokarekin batera, 'Azoka inperialista'
Segurtasuna, armagintza, energia zein finantza eta turismoa postuak egongo dira 10:00etatik 13:30era, Doneztebe plazan.
HemenGuk azoka egingo dute bihar (hilak 6, larunbata) Oiartzunen, baina ez da izango herritarrek bisitatzeko izango duten gune bakarra, Azoka inperialista antolatu baitu egun berean herritar talde batek.
Herri subiranotasuna? Etorri gurekin benetako demokrazia eta askatasuna munduan zehar zabaltzera! lelopean antolatu dute hitzordua, eta 10:00etatik 13:30ak bitartean izango dira Doneztebe plazan. Gainera, zenbait postu gonbidatu egongo direla aurreratu dute antolatzaileek; hala nola, segurtasuna, armagintza, energia edota finantza eta turismoa.
Hori gutxi ez, eta zenbait izen ere zerrendatu dituzte biharko deialdiari so: Jokin Aperriguay, Josu Jon I + D eta Eider Lamoza. “Bertaratu eta autografoak sinatuko dituzte”, diote.
