Askoren artean sortua, badiarentzat
Pasaiako eta Lezoko ikastolek bat egin eta Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zenetik 50 urte bete dira. Aitortzatik, badiari egindako ekarpenari balioa eman diote.
Izaskun Moreno Yanci, Iker Vidal Maritxalar, eta Agustina Pontesta Garmendia. Pasaia-Lezo Lizeoak mende erdia bete du aurten. 1976an bat egin zuten Lezoko eta Pasaiako lau barrutietako ikastolek, bertako zati ziren gurasoek hala erabakita, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeko. 1958an hasi zuen bidea Lezoko ikastola klandestinoak, 1960an Antxokoak, eta 1966an ekin zioten Donibanekoak, San Pedrokoak eta Trintxerpekoak. «Inork ez zien adierazi euskaltzale haiei nondik zen, ezta nola egin ere, baina arian-arian, asmatu zuten bideari ekiten. Lezon lehenengo, Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen segidan». Hitzok Nekane Artola Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakariak esan zituen maiatzaren 8an, Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurrenaren harirakoak azaltzeko agerraldian: «1976ko erabaki ausartak ekarri gaitu prentsaurreko honetara. Aurrekoen ahaleginak ekarri gaitu honaino». 2010an Pasaia-Lezo Lizeoak antolatutako Kilometroak festarako Hona bostekoa kanta egin zuen Xabi Solanok. Bosteko emate hura lehenengoz 1976an izan zen.
Garai batekoak, egungoak eta aurreragokoak azaltzeko Agustina Pontesta Garmendia ikastolaren bultzatzaile, irakasle ohi, eta guraso izandakoarekin; Izaskun Moreno Yanci ikasle ohi eta Txinparta ikastolako Antxoko guraso taldeko kidearekin; eta Iker Vidal Maritxalar zuzendari eta ikasle izandakoarekin izan da Hitza. Denen hizketaldietan komuneko gai asko azaldu dira. Baina bat besteen artetik nabarmenago: hezkuntza egitasmoko kide izatearen harrotasuna, betiere euskararen aldeko borrokan eta hezkuntzaren esparrutik.
Atzera begirakoa egin du Pontestak. Lezoko ikastolaren sortzaileetakoa izan zen, eta Pasaia-Lezo Lizeoa eratzeko uneak denboran «urrun» dituen arren, nabarmendu du prozesua askoren arteko lankidetzan oinarritutakoa izan zela, ahots eta iritzi asko batu zirela lanketa horretara: «Gutxi eskatuta ere, asko ematen zuen jendeak. Dena komunitatean egiten zen. Auzolanean. Edozertarako prest zen jendea. Herritartasunean sinisten zuen jende abertzaleak sortu zuen Lezoko ikastola, eta bide horri segika egin zen batura». Oroitu du, 1976ko hartan, Lezoko ikastolakoek Orereta Ikastolarekin egin zutela harremana haien ikasleek han jarrai zitzaten ikasketak, «baina erantzun ziguten ikasle asko zituztela. Ezinezko izango zutela Lezokoak hartzea». Beraz, Pasaiara begira jarri, eta Pasaia-Lezo Lizeoaren sorreran ezinbesteko izan zen lezoarren gogoa.
Pontestak aipatu du batzar dezente egin zirela bost ikastolen batura nola egin zehazteko. Eztabaidak izan zirela azaldu du, baina oro har sintonia ona izan zela. Gurasoek hartzen zituzten erabakiak, haiek ziren erabakitzeko ahalmena zutenak. «Indarrak batzeko erabakia hartu zen. Bakoitzak bere herrian egiten zuen lan, baina polita izan zen nola denak elkartzen ginen. Zenbait gauzatarako, txikiak gehienak, iritzi kontrajarriak izaten ziren. Baina dena oso era naturalean garatu zen».
Orduko 25.000 pezetako hasierako ekarpena egin zuen bazkide bakoitzak, familia bakoitzak, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeko. Ehunka izan ziren euren patrikak ikastolaren alde hustu zituztenak. Horrez gain, kantaldiekin, festetako txosnekin, diru-eske kanpainekin eta abarrekin lortzen zuten dirua ikastolak aurrera jarrai zezan. Guraso eta herritar haiek ez zuten beste inoren laguntzarik. Euskaltzale boluntarioen eskuei, lanari eta diru ekarpenei esker egin zuen aurrera. «Niretzat haiek heroiak dira», ebatzi du Iker Vidal zuzendariak, «euskara zegoen putzu beltz horretatik atera zuten horiek heroiak dira. Askotariko lanak inplikazio osoarekin egin zituzten, eta musu-truk». Vidalek aipatu du 50. urteurrenaren harira antolatu dituztenetarako ezinezko izango zaiela hasierako ufada horiek eman zituzten familia edo pertsona guztiengana iristea; hortaz, baten batek horren harira ekarpenen bat egin nahiko balu, ikastolarekin harremana egin dezala eskatu du.

1977an hasi ziren Pasaia-Lezo Lizeoaren eraikin nagusia egiten, auzolanean. Argazkia: Pasaia-Lezo Lizeoa.
Badiako ikonoa
Orduko hartan Lezon eta Pasaiako barrutietan bazituen egoitzak Lizeoak; baina, maiz aldatu ziren lekuz ikasgela horiek, etenik gabe hazten zen egitasmoa baitzen badiaren inguruko bost ikastolena. Eraikin nagusi baten beharra ikusi zen, eta hori ahalbidetzeko, Gaztelutxo Guraso Elkartea sortu zen.
1977an hasi ziren eraikitzen egun ikastolaren eraikin nagusi den Donibaneko egoitza, 1979an inauguratu zen ofizialki. Zabaldu baino dezente aurretik hasi ziren klaseak ematen bertan ordea. Obrak zatika egin ziren, eta gelak ireki ahala, horiek erabiltzen hasi ziren nahiz eta obra osoa ez bukatu. Hura ere auzolanean egin baitzen, gurasoen artean. «Gogoan dut katiuska botekin joaten nintzela maiz eraikin nagusira eskolak ematera, dena obretan eta lokatzez izaten zelako», Pontestak. Eraikin nagusiko lehen eskoletan «arrotz» sentitzen zela aitortu du Pontestak, txikitasunetik handira egitea ere kosta egiten baita. Egun, badiaren iruditeriaren ikonoetako bat da Jaizkibelen magalean den eraikin nagusi hori.
Aurrerago begira, 1993an ikastolaren izaera erabakitzeko garaiak latz oroitzen ditu Pontestak. Publifikazio prozesuaz ari da. «Eztabaida gogorrak izan ziren. Gurasoen artean gatazka asko sortu ziren. Oso alde txikiarekin, ikastolen mugimenduaren parte izaten jarraitzea berretsi zen». Don Bosco ikastetxean egiten zituzten bilera horiek. «Ez zen erraza izan eztabaida aro hori. Baina gurasoek erabaki zuten ikastola izaten jarraitzea».
Ikastolaren beste mugarrietako bat 2003an izan zen. Orduko hartan juridikoki berrantolatu zen, eta kooperatiba integral bilakatu. Bestalde, 1997an eta 2010ean Kilometroak festak antolatu zituen Pasaia-Lezo Lizeoak.

Lezoko ikastolako haurren argazki zaharra. Argazkia: Pasaia-Lezo Lizeoa.
Herrietara begira
Ikasle ohia, eta ikastolako guraso da Izaskun Moreno Yanci. Txinparta Antxoko gurasoen taldeko kide ere bada; Lezon, Errota da Txinpartaren ahizpa. Azaldu du haientzat inportantea dela ikastolako eremutik at eragitea, herrigintzan ekarpena egitea. «Antxoko ikastolako jolastokiak zituen beharrei lotutako lanketak elkartu gintuen Txinparta osatzeko. Hor indarrak jarrita elkartu ginen. Zabaltzen goaz, ez dakigu noraino…». Gurasoak saretzeaz, eta hezkuntza proiekturen parte izatearen beharraz ere aritu da Moreno. «Gaur egungo gurasook uste dugu zerbitzu soil bat jasotzera gatozela ikastolara. Ikastola, bere horretan, harago doan proiektua da. Familiok bertako zati aktibo izan behar garela uste dugu».
Ikastolatik kanpo eragitea da euren asmoetako bat. «Herria bizirik badago, ikastolak ere bizirik jarraituko baitu. Haurrak herrian bizi badira, eta herria haiena bezala sentitzen badute, hemen geldituko dira».
Ikastolak eta gurasoen elkarteak harrera guneak direla uste du Morenok. Izan ere, Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zenetik egun arte gizartearen nolakotasuna asko aldatu da. Nabarmen jarri du antxotarrak Pasaia-Lezo Lizeoa beti izan dela integraziorako eremu, bai sorreran, bai eta garapenean ere, Espainiako Estatuko hainbat tokitatik etorritako familiek ere parte hartu zutelako, «eta geroz eta gehiago uste dugu bai ikastola zein gurea bezalako guraso elkarteak interakziorako eta harrerarako eremu izan behar direla. Baina askotan zaila da. Saretze lan hori egitea eta aktibotasuna mantentzea ez da erraza. Erreferentziazko eragilea da ikastola harrerarako, baina lan sakona egin behar da».

Ikastolako hasierako bazkideen zerrendetako bat. Irudia: Pasaia-Lezo Lizeoa.
Ardatzak
Iker Vidal zuzendariak aipatu du urteurrenari hiru ardatzeko izaera eman nahi izan diotela: aitortza, ekarpena, eta harrotasuna dira hiru oinarri horiek. «Badiako ikastola txikiak abiatzen lehenik eta Lizeoa osatzen ondoren, herrigintzan aritutako horien guztien lana aitortu nahi dugu. Ikastola sortu zuten, eta euskararentzat eta euskal kulturarentzat sekulako bultzada izan zen hura».
Ekarpenaren atalean, Lizeoak badia euskalduntzeko bidean egin duen lanari balioa eman nahi diote, eta urteurrena ahalegin horri bultzada berria emateko baliatu nahi dute. «Herri lehentasun dira euskal nortasuna indartzea, euskarazko ahozkotasuna hobetzea, euskaldunekiko erasoak geldiaraztea, gizarte berdinzaleagoa euskaraz eraikitzea… Horretan aritu nahi dugu gertuko eragileekin elkarlanean», Vidalek. Alta, zuzendariak azaldu du 1976ko eta egungo gizartea ez direla berberak, jendartea asko aldatu dela adierazi du: «Gure erronka da bertakoak euskalduntzeaz gain, iritsi berri direnei euskara erakargarri egitea, eta euskaraz ikas dezaten pausoa ematen laguntzea. Hemen etorkinak beti eduki ditugu. Jende askok euskaraz egiteko hautua egin du azken 50 urteetan; helburu horrek egun ere indarrean jarraitzen du».
Harrotasuna. Egitasmoaren zati eta euskaldun izatearen harrotasuna, «eta ez harrokeria». Hura ere 50. urteurrenaren ardatza Lizeoarentzat. «Funtsezkoa da euskaldunen autoestimua indartzea, eta jarrera euskaltzaleak bultzatzea. Oso harro egon behar dugu egin denaz eta garenaz. Sekulako ekarpena egin diogu badiari. Uste dut guk bezala badiako herritarrak ez dituela inork batu», Vidalek: «Ikastolak Lezoko eta Pasaiako lau barrutietako haurrak batzen ditu, batu gaitu, eta batzen jarraituko du euskarazko eta kalitatezko hezkuntza eredu eta curriculum propio batekin». Badia elkartzetik garago joan da Vidal: «Ikastolen proiektua Euskal Herri mailakoa da. Ikastolak, azken batean, Euskal Herriko hezkuntza nazional sistema gara, eta gainera, euskal curriculumean oinarrituta bertara eta kanpora begira bizi gara».
1.500 ikasle ditu egun Pasaia-Lezo Lizeoak Pasaiako lau barrutietako nahiz Lezoko ikastola txikien, Donibaneko eraikin nagusiaren, nahiz Trintxerpeko Haur Eskolaren artean. Asko handitu da 1976tik, etenik gabe. «Eraikin nagusi bat dugu. Baina balio handikoak dira guretzat Pasaiako lau barrutietan nahiz Lezon ditugun ikastolak. Horrek hurbiltasuna ematen digu, herrien zati gara», azaldu du Vidalek, «eta mende erdia dugu aurretik».
Jarraian, hirurekin egindako bideoa.

Bihar Plazara!, eta udazkenean gehiago
Mende erdia komunitate osoarekin ospatu nahi du Pasaia-Lezo Lizeoak. Hori horrela, jarduera sorta antolatu du ikastolak. Horietatik nabarmenena bihar (hilak 6, larunbata) Antxon egingo den Plazara! festa handia izango bada ere, badira gehiago.
Biharko Plazara! garai bateko zein egungo ikasle, langile eta familien festa bezala irudikatu du ikastolak. Ehunka lagun bilduko dira Antxon. Hala, 11:00etan hasiko dira jarduerak erraldoiek egingo duten kalebueltarekin. 12:00etan, ekitaldia jasoko du Biteri plazak, «hainbat sorpresa izango dira» aurreratu dute Lizeotik. Horren ondoren, bazkaria egingo da Ibaiondo frontoian eta alboko karpan.
Bazkalosteak musika giroa izango du. Horretarako gonbidatu dute Andoni Ollokiegi sanjuandarra, lehengo eta oraingo euskal abestiekin bazkalondoa girotzeko. Behin Ibaiondo aldekoak bukatuta, Elektrotxufla elektrotxarangarekin kalejira egiteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Lizeoaren Plazara!-k bat egingo du Alkartasuna Euskal Dantza Taldeak arratsaldez (18:00etatik) antolatu duen Sagardo Festarekin. Beraz, girorik ez dela faltako adierazi dute urteurrenaren prestaketan izan diren batzordeko kideek.
Dokumentala eta erakusketa
Urteurrenaren beste inflexio puntuetako bat udazkenean estreinatzekoa den Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala izango da. Ahotsak elkarteak ekoitzia, 1960tik 1979ra bitarte Pasaiako eta Lezoko ikastola txikien sorrera eta bilakaera kontatzea du xede. «Gurasoek, andereñoek eta komunitate oso batek frankismoaren ilunpetan euskararen, hezkuntza propioaren eta herri nortasunaren alde egindako borroka isil eta irmoa jasoko da testigantza eta oroimenaren bidez. Oroimen kolektibo ariketa izango da», zehaztu dute Lizeotik. Dokumentala egiteko Pasaiako eta Lezoko udalen laguntza jaso du ikastolak.
Ikus-entzunezkoaren soinu banda Jurgi Ekiza osatzen ari da, Pasaiako Musika Eskolako kide Josu Elberdin eta Gorka Mirandaren, nahiz ikastolako musika irakasle zein ikasleen laguntzarekin.
Argazki eta objektu zaharren erakusketa ibiltaria ere prestatu du ikastolak.
