Intxixu Trail, beroa eta arrakastatsua
Intxixu Trailen XI. lasterketa jokatu da gaur; 250 pertsonak eman dute izena, eta Josu Urrestarazu eta Leire Urritegi izan dira irabazleak.
Gaur goizean jokatu da Intxixu Trail lasterketaren XI. edizioa, eta ohi bezain arrakastatsua izan da. Ergoien auzoa jendez lepo zegoen goizeko lehen ordurako, eta nabaria zen 10:00etako suziriarekin batera mendi lasterketa izango zela, auzo guztian zehar ari baitziren lasterkariak beroketa ariketak egiten.
Arrakastatsua da, oso, Aiako Harria Parke Naturalean barrena egiten den lasterketa, eta aurtengoa ere ez da gutxiagorako izan, 250 pertsonak eman baitute izena Intxixu Trailen XI. edizioan. Horietatik 120 izan dira oiartzuarrak.
Gaurkoan, Josu Urrestarazu Garcia eta Leire Urritegi Getaria izan dira gizon eta emakumeen kategorietako garaile; Urrestarazuk, gainera, errekorra hautsi du lasterketa horretan partu hartu duen laugarren aldian.
Aurtengoan, bestalde, sari berezi bat banatu dute: lehen kilometrokoa. Sari hori lehen kilometrotik lehendabizi igaro den eta, noski, lasterketa amaitu duen korrikalariarentzat izan da. Urrestarazu izan da Intxixu Trailen historian lehenengoz banatu duten sari horren irabazle.
Egun eguzkitsua izan da gaurkoa; are, lasterkari batzuk helmugara iristean ere aipatu dute akaso bero gehiegi egin duela aurreikusitako hamasei kilometroak egiteko, baina noski, helmuga gurutzatu dutenak gustura iritsi dira itzalpera. Gainera, hamarnaka lagun izan dira lasterketako oinetakoak eta dortsala kendu, eta dutxara joan aurretik errekan bainu bat hartu dutenak.
Podiumeko xehetasun gehiago emate aldera: emakumeen kategorian Nora Narbaiza Albisua zaldibartarra izan da bigarren, eta Oihana Arruti Terreros lesakarra, berriz, bigarren. Gizonen kasuan, bigarren postua Mattin Odriozola Ibargurenentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Ibon Odriozola Ibargurenentzat.
Hona hemen gaurko sari guztiak zerrendatuta. Sailkapen guztia ikusteko, baina, egin klik hemen.
Emakumeen podiuma
- Leire Urritegi Getaria (Oiartzun) 1:32:17
- Nora Narbaiza Albisua (Zaldibar) 1:33:29
- Oihana Arruti Terreros (Lesaka) 1:40:21
Gizonen podiuma
- Josu Urrestarazu Garcia (Idiazabal) 1:15:55
- Mattin Odriozola Ibarguren (Oiartzun) 1:17:02
- Ibon Odriozola Ibarguren (Oiartzun) 1:17:42
Azken bi korrikalariak
- Laida Izagirre Arruti (Oiartzun) 2:31:15
- Iker Santos Sedano (Lezo) 2:24:18
Lehen Ergoiendarra
- Mikel Mitxelena Oiarbide (Oiartzun) 1:36:39
- Intza Mitxelena Ugalde (Oiartzun) 1:51:05
Lehen oiartzuarrak
- Mattin Odriozola Ibarguren (Oiartzun) 1:17:02
- Leire Urritegi Getaria (Oiartzun) 1:32:17
Taldeko erronka
- Intxixu Trail Girzia Taldea
Lehen kilometroko saria
- Josu Urrestarazu Garcia (Idiazabal) 1:15:55
