Aitortza eta festa eguna
50. urteurrenaren harira, Plazara! festa egin zuen larunbatean Pasaia-Lezo Lizeoak Antxon. Une berezi askoko eguna izan zen.
Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zutenetik aurten 50 urte bete direlako hainbat ekitaldi eta jarduera egiten ari da ikastola aurten. Horietatik handiena larunbatekoa izan zen, Plazara! festa. Jai giroa oso nabarmena izan zen, baina aitortzarako tarte asko ere izan ziren. “Ez dugu erraz ahaztuko larunbatekoa”, esan dute Lizeotik. Izan ere, Lizeoaren asmoa zen 50 urteko bide hori ospatzea, “baina batez ere bide hori posible egin duen komunitatea ospatzea”. Hala, belaunaldi ezberdinetako ikasleak, familiak, langileak, irakasle izandakoak, sortzaileak eta lagunak bildu ziren Antxon izan ziren ospakizunetan.
Eguerdian egin zen ekitaldi nagusia Biteri plazan, Plazara! abestiarekin hasi zen. Hura gidatzen Agustin Migeltorena irakasle eta zuzendari izandakoa, Arrate Hernandez irakasle ohia, eta Leah Bogaz egungo ikaslea izan ziren. Bertan aitortza egin zitzaien Pasaia-Lezo Lizeoaren sorreran ezinbesteko izan ziren Gaztelutxo Guraso Elkarteko sortzaileei, familiei, irakasleei eta ikasleei. Haien guztien izenean Lurdes Sistiaga irakasle ohia igo zen oholtzara. Badiari egindako ekarpena ere izan zuten mintzagai aitortzen tarte horretan, “euskaldun izatearen harrotasuna ere azaltzeko tartea izan zen”, nabarmendu du ikastolak.
Arlo instituzionaletik, Teo Alberro nahiz Mikel Arruti Pasaiako eta Lezoko alkateek, hurrenez hurren, esker mezuak izan zituzten Lizeoarentzat herriei egindako ekarpenagatik. Nekane Artola ikastolako lehendakariak euskaldun izatearen harrotasuna nabarmendu zuen.
Ekitaldia bukatze aldera, Lamiak, Illunbe, Alkar Txiki, Lintxua eta Murixka dantza taldeetako kideek Agintariarena dantzatu zuten, eta segidan, ekitaldiko sorpresetako bat: Jurgi Ekizak eta ikastolako abesbatzak Zor diegu kanta abestu zuten; hori izango da udazkenean estreinatzekoa den Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentalaren soinu bandaren oinarria. Bukatzeko, Pantalan antzerki taldeak antzerki musikatua eskaini zuen.
Bazkaria eta gehiago
Ekitaldi nagusiaren ondoren bazkariaren txanda izan zen. Ibaiondo frontoian eta alboko karpan 600 lagunetik gora elkartu ziren. Bazkalostean Andoni Ollokiegik kontzertua eman, eta ondoren herrigunera joan ziren bazkarian izan zirenak Elektrotxufla elektrotxarangarekin. Handik aurrera festak jarraitu zuen.
“Pozik, hunkituta eta eskertuta amaitu genuen eguna”, esan dute ikastolatik: “Larunbatean berriro ere egiaztatu genuen Lizeoa ez dela ikastetxe soil bat. Komunitate bat gara. Belaunaldiz belaunaldi eraiki den proiektu kolektibo bat. Eta 50 urte bete ondoren, etorkizunera begira indarrez eta ilusioz jarraitzen duen herri ekimen bat. Duela 50 urte, badiaren inguruan ikastolak sortzea erabaki zuten ameslari batzuek lehen harria jarri zuten. Gaur, milaka pertsonaren ahaleginari esker, proiektu hark bizirik jarraitzen du. Eskerrik asko Plazara! posible egin zenuten guztioi. Mende erdia egin dugu elkarrekin. Eta aurrera ere, mende erdia aurretik”.
Jarraian, egunaren laburpen grafikoa Pasaia-Lezo Lizeoak HITZAra bidalitako argazkien bidez.
