Eskola Kirola, mugikortasun jasangarriaren bidean
Bizikletaren erabilerak gora egiten jarraitzen du, eta joan-etorrien ia erdia modu jasangarrian egin dira aurten, iazko datuak bost puntutan hobetuz.
Oarsoaldeko Eskola Kirolean mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustuak “emaitza nabarmenak” izaten ari dela jakinarazi du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, ikastetxeek eta Eskola Kiroleko eragileek elkarlanean sustatutako programaren datuek islatu dute haurrek eta familiek gero eta gehiago egiten dituztela joan-etorriak oinez, bizikletan, patinetean, garraio publikoan edo auto partekatuan.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu hori “kezka” batetik datorrela adierazi dute Eskola Kiroleko arduradunek, duela urte batzuetako desplazamenduak aztertu ondoren. Haur gehienak autoz eta senideekin mugitzen ziren partidetara eta kirol instalazioetara. Egoera hori ikusita, eta hezkuntzaren osasunaren eta jarduera fisikoaren balioekin bat etorriz, 2013-2014 ikasturtean mugikortasun jasangarria sustatzeko plana abiatu zuten Oarsoaldean.
Ordutik, hainbat egitasmo garatu dira familien ohiturak aldatzeko helburuarekin: sentsibilizazio kanpainak, bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzak edota sari sistemak. “Horri esker, urtez urte gero eta erabiltzaile gehiagok egiten dituzte desplazamenduak modu jasangarrian”.
2025-2026 ikasturteko datuek “joera positiboa” berretsi dutela jakinarazi dute arduradunek. Eskola Kiroleko jardueretara egiten diren desplazamendu guztien ia erdia (%49,91) modu jasangarrian egiten dira. Iazko datuak ia bost puntutan hobetu dira aurten (%45,18). Datu horiek islatzen dute joan-etorrien ia erdiak oinez, bizikletan, patinetean, garraio publikoan edo auto partekatuan egiten direla.
Bizikletaren eta patinetearen erabilerak, gainera, gora egiten jarraitzen du. Iaz %3,34a mugitu zen horiek erabiliz, eta aurten %4,1era igo da zenbateko hori, azken urteetako hazkunde joera mantenduz.
Ikastetxeen arteko datuak aztertuta, Errenteria-Oreretako Egiluze ikastetxean egindako desplazamendu guztien %16,89 bizikletan egin dira aurten, eskualdeko ehuneko altuena lortuz. Bestalde, Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak lortu du desplazamendu jasangarrien ehuneko handiena, ikastetxe horretako joan-etorrien %68,96 modu jasangarrian egin baitira.
Sariak
Mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz, hainbat sari banatu ditu Eskola Kirolak ikasturte bukaeran. Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikaslea Lezo Herri Eskolako Nora Kortajarena izan da, eta bizikleta bat jaso du opari gisa. Bestalde, bizikletaren erabileran Egiluze izan da gehien nabarmendu den ikastetxea, eta bi bizikleta jaso ditu.
Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea, aldiz, Koldo Mitxelena izan da, eta bizikleta bat lortu du. Azkenik, ikasturtean zehar gutxienez behin bizikletan joan diren ikasleen artean egindako zozketan, Orereta Ikastolako Magali Escudero izan da irabazlea, eta patinete bat lortu du.
Erronkak
Eskola Kiroleko arduradunek bi helburu nagusiri helduko diete datorren urteetan: autoz bakarka egiten diren desplazamenduak %50etik behera mantentzea eta bizikletaren eta patinetearen erabilera sustatzen jarraitzea, “joera positiboa sendotu eta haurrek mugikortasun aktibo eta osasungarriagoak bere egin ditzaten”.
Oarsoaldean garbi dute: “Kirola egitea ez da soilik zelaira edo kantxara iristea; hara iristeko moduak ere hezkuntzan, osasunean eta ingurumenarekiko errespetuan eragin zuzena du”.
