Ikasturteko lana, plazara
Gaur arratsaldean zabalduko dute Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan Xenpelar Tailerretako ikasturte bukaerako erakusketa.
Erakusketaren aurkezpena gaur.SC0126 Xenpelar Tailerretako ikasleen lanak ikusi ahalko dira gaurtik hilaren 16ra arte Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan. Pintura, zeramika, egur taila, patchworka, argazkilaritza, edota altzari zaharberrituak bildu dituzte erakusketara, bertaratzen direnek ikasturtean zehar ikasle horiek egin duten lana gertu-gertutik ikus ditzaten.
Gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak erakusketak, kurtso bukaerarekin bat eginda, 18:30ean. Erakusketa hilaren 16ra arte ikusi ahalko da, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara astelehenetik larunbatera. Gaur aurkeztu dute erakusketa hori Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Arantxa Vega Xenpelar Tailerretako teknikariak, eta Garbiñe Ramirez, Iñaki Erkizia, Lander Urkia, eta Henar Peso tailerretako irakasleek.
Erakusketarekin batera, datorren ikasturterako prestatuko eskaintzaren xehetasunak ere eman dituzte. Programazio horrek helduei zuzendutako urte osoko eta lau hileko ikastaroak jasotzen dituela azaldu du Gartziak, astean 2 eta 6 ordu arteko dedikazioarekin. Parte hartzaileek hainbat diziplinetan trebatzeko aukera izango dute: pintura, zeramika, egur taila, patchworka, argazkilaritza, edota altzari zaharberritzean.
Izena emateko, bi modu. online aukeratzen dutenek irailaren 7tik 18ra egin beharko dute (Klik hemen). Aurrez aurre egin nahi dutenek berriz, irailaren 14tik 18ra egin beharko dute Zu! Arreta zerbitzuan, udaletxean edota Aldakoenean. Hitzordu eskatu behar da aurretik kasu horretan irailaren 10etik 18ra, 943 44 96 00 edo 010 telefonoetara deituta.
