Pantailen gehiegizko erabilerari aurre egiteko sarea
Errenteria-Oreretako ikastetxe guztietako guraso taldeek Altxa Burua Errenteria iniziatiba jarri dute martxan, udalarekin elkarlanean.
Altxa Burua Errenteria dinamikako ordezkariak. Kezkak elkartu ditu. Zalantzarik ez dute gero eta gazteago hasten direla pantailen aurrean jartzen, eta gero eta handiagoa dela horien erabilera, gehiegizkoa bilakatzeraino. Ikastetxez ikastetxe hasi ziren gaiaren gainean ardura hartuta lanketa egiten, eta ohartu, ez zela haiena bakarrik arazoa eta kezka, denei eragiten diela. hori horrela, beste ikastetxeekin harremanetan jarri eta lanketa komuna egitea erabaki zuten. Hortik, udalera jo zuten, eta ateak zabalik hartu ditu azken horrek gurasoak, bidelagun izateko. Erronka eta kezkari herri gisa erantzun nahi diote.
Gaur aurkeztu dute taldea prentsaurrekoan ikastetxe guzietako guraso ordezkaritza batek eta Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziak Lekuona Fabrikan.
Altxa Biria Errenteria dinamika martxan dela jada azaldu du Cruzek, duela zazpi hilabete elkartu zirela lehen aldiz, “lanketa ezberdinak egiten hasi gara eta plazara ateratzea erabaki dugu iruditu baitzaigu nahikoa heldu gaudela gure burua aurkezteko, baita udalerrian abian jarri nahi dugun lehen kanpainaren berri eman ere”. Protagonistak, gurasoak direla; hori nabarmen jarri du Cruzek, beraiek direla lanean ari direnak ikastetxe guztietan.
Guraso horien izenean mintzatu da Garazi Urdanpilleta Orereta Ikastolako ama. Pantailen gehiegizko erabilerak euren seme-alabengan daukan eraginarekin kezkatuta bidea eta hausnarketa egiten hasi zela duela hilabete batzuk ikastetxe bakoitza azaldu du, “bakoitza zertan ari zen jakiteko harremanetan jarri ginen ikastetxe guztiak, ez baita hau komunitate txiki baten arazoa, arazo globala da eta saretzea oso garrantzitsua iruditu zitzaigun”. Saretze horretan gainera, batean zein bestean egindakoak baliagarriak suertatu zaizkie. Seme-alabengan bai, baina herriarengan ere eragin behar zutela iruditu zitzaiela hasieratik azaldu du Urdanpilletak. Une honetan herriko ikastetxe guztiak daude ordezkatuta Altxa Burua Errenteria dinamikaren barruan.
Adin mugarik ez dute jarri, “gehienak LHkoak izango gara, baina Haur Hezkuntzakoak eta DBHkoak ere baditugu tartean”. Lan lerroak zehaztea etorri zen gero, behin taldea eratuta eta kontzientziazioan eta sentsibilizazioan jarri zuten fokua; horrekin lotuta, Miren Ros Ariatzaguena hezitzailearekin familientzako saioa antolatu zuten lehenik, eta ondoren herriko LHko laugarren mailako talde guztiekin izan da Ros ordu eta erdiko saioa eskaintzen. Ondoren, saio horien itzultze saioa egin zuen adituak, “datu oso kezkagarriak atera ziren hortik. Gauza jakina da, baina ikasleekin izan ondoren kontatu zizkigun gauzekin kezka areagotu egin zitzaigun. Martxan jartzeko beharra areagotu zen”.
Hurrengo urratsa ere zehaztu du Urdanpilletak, Gurea erabil dezakezu kanpaina, “beste udalerri askotan martxan da jada”. Kanpaina horren bidez, udal eraikinetan zein herriko saltokietan telefonoak familien eskura jartzeko. Horretarako pegatina jarriko dute establezimendu eta udal eraikinetan kanpainan parte hartzen ari direla identifika dezaten eta telefono bat behar badute bertatik deitu ahal izateko, “erloju edota eskuko telefonoarekin ez dute atera beharko etxetik horrela”. Momentuz udal eraikinetan izango da hori, eta aurrerago zabalduko dute saltokietara.Pantailak haien egunerokotik ateratzea, gehiegizko erabilera hori etetea da helburua, baina ez bakarra: “Haurrek espazio publikoa berreskuratzea eta erabiltzea, kalesak eta auzoak ezagutzea, kalean lasai ibiltzea, eta komunitatea sentsazioa zabaltzea ere bilatzen dugu. Zerbait behar badute jo dezatela udal eraikin batera, saltoki batera, espazio segurua izan dadila beraientzat. Jendarte sarea indartzea, finean”.
Datu kezkagarriak
Rosek itzulpen saioan datu kezkagarriak eman zizkiela aipatu du Urdanpilletak eta horietako batzuk eman ditu. Hala, kopuruak eman zituela azaldu du, eta horren barruan zehaztu LH4 mailako haur askok dutela jada gailu adimendu bat, “horietako askok logelara sartzen dute, eta batzuk burukoaren azpian izaten dute lo egiten duten bitartean”. Eskuko telefonoak bai, baina bideo-jokoak ere izan ditu hizpide, “haur askok beraien adinerako egokiak ez direnak erabiltzen dituzte; asko ikastetxera joan aurretik pantaila aurrean izaten direla jaso zuen, joko oso agresiboetan aritzen dira eta gero ez direla gai arreta jartzeko eskolan; internetekin lotutako arazoak izan dituzte edo sumatu euren inguruan jada 9 eta 10 urterekin, erabilera desegokiarekin lotuta edota sarean jokatzen direnetan pertsonak sartu zaizkiela”.
Lanean dira, eta horretan jarraituko dute. Hori horrela, parte hartzeko deia gaiaren inguruan kezka daukan orori, “indarra jarri behar da honetan egoera larria delako”.
