Tokiko negozioen digitalizazioa euskaraz egitea helburu
Bokalek Pasaiako merkatariei begirako 'Gandik' izeneko proiektua jarriko du martxan tokiko negozioen digitalizazioa bultzatzeko eta ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko.
Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak herriko merkatariei begirako Gandik izeneko proiektua jarriko du martxan. Egitasmoaren helburua da tokiko negozioen digitalizazioa bultzatzea eta ingurune digitalean euskararen presentzia indartzea.
Iniziatiba elkarlanean garatuko da Eusko Jaurlaritzarekin eta Puntueus Fundazioarekin. Atzo aurkeztu zituzten proiektuaren gaineko xehetasunak Laura Ré Euskara zinegotziak, Mikel Garcia Peñil Merkataritza zinegotziak, Ana Etxabe Laurak Bat elkarteko lehendakariak, Iker Vidal Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendariak eta Alazne Uria Karmengo Amako zuzendariak.
Programan parte hartzen duten merkatariek beren negoziorako euskarazko webgune propioa sortzeko aukera izango dute, guztiz doakoa izango dena. Egitasmoaren berezitasun nagusietako bat da webgune horren sorrera Pasaiako DBHko ikasleen esku egungo dela, haien irakasleen gidaritzapean. Ikasleek merkatariekin elkarlanean jasoko dute beharrezko informazioa, eta, ondoren, webgunea modu pertsonalizatuan diseinatuko dute, euskaraz.
Ikasleen eta merkatarien arteko elkarlan horrek belaunaldien arteko “lankidetza eta herri kohesioa” sendotzen dituela adierazi zuten: “Ikasleek tokiko merkataritza ezagutzen dute, eta merkatariek gazteen ekarpen berritzailea baloratzen dute”.
Euskara erdigunean
Bokalek sustatutako egitasmoak euskara erdigunean jarriko du. Webgune guztiak euskaraz sortuko dira hasiera batean, baina merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, beren bezeroen beharretara egokitzeko. Proiektuaren prestakuntza, edukiak eta komunikazioa osorik euskaraz gauzatuko dira, “gazteen eta merkatarien artean euskararen erabilera indartuz, eta haren presentzia digitala zabalduz”.
Parte hartzen duten establezimenduek hainbat abantaila jasoko dituztela nabarmendu zuten ordezkariek: “Webgune erabilgarri eta egokitua, .EUS domeinua eta ostatatzea lehen urtean doan, eta kudeaketarako laguntza”. Proiektuaren bukaeran, gainera, negozio bakoitzak bere webgunea eta hura kudeatzeko beharrezko tresnak eskuratuko ditu. Horrez gain, proiektuaren bidez merkatariek beren “saltokiaren ikusgarritasuna handitu eta bezero berriak erakartzeko” aukera izango dutela zehaztu zuten atzo.
Izen emateak zabalik
Parte hartzea borondatezkoa bada ere, Laurak Bat elkartearen arabera “aukera paregabea da tokiko merkatarientzat kosturik gabe digitalizatzeko eta interneten presentzia indartzeko”. Lehentasuna saltokiek izango dute, baina interesa duen orok izena eman dezakeela jakinarazi zuten.
Izena emateko epea hilaren 30era arte egongo da zabalik, eta izena udal webgunean egin behar da. Ondoren, irailean, informazio bilera bat egingo da proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko. Informazio gehiagorako, interesdunak udaleko Euskara sailarekin edo Laurak Bat elkartearekin jar daitezke harremanetan.
