Azken txanpan sartu da Gora Herriak
Gaur poesia eta musika uztartuko dituzte Kultur Aterpean, 19:00etan. Larunbatean, aldiz, azken eguneko jarduerak egingo dituzte Meipin.
Azken txanpan sartu da Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak antolatzen duen Gora Herriak jaialdia. Aurtengoa internazionalismoa ardatz duen kultur zikloaren bederatzigarren ekitaldia da, eta bere helburua da beste herrien borrokak eta izateak ezagutaraztea eta horiei ahotsa ematea. Aurten Palestina erdigunean jarri du eragile sanjuandarrak, eta hainbat jardueraz osatutako programazioa ondu dute bertan gertatzen ari dena ezagutarazteko.
Gaur (osteguna) poesia eta musika uztartzen dituen emanaldi batez gozatu ahal izango da Donibaneko Kultur Aterpean, 19:00etan. Mohammed el-Kurd poetaren Rifqa liburua oinarri hartuta, Xalba Ramirez, Peru Galvete eta Rifqa euskaratu duen Eider Beobide izango dira barruti arrosan.
Larunbatean (hilaren 13an), aldiz, azken eguneko jarduerak egingo dituzte Meipin. 12:30ean elkartasun horma irudi bat egingo dute Santiago plazan, eta bertatik kalejiran joango dira Meipira. 14:00etan herri bazkaria egingo dute, jaki palestinarrekin. 16:00etan Palestinako eta Euskal Herriko dantza emanaldiak egongo dira. Musika palestinarra ere ez da faltako, 16:30ean kontzertua egingo baitute Nur eta Ahmedek. Bukatzeko, musika gehiagoz gozatu ahal izango da Meipin, 17:30etik aurrera.
Larunbateko jarduerek trafiko aldaketak eragingo dituzte Donibanen, 11:00etatik 00:00etara bitartean. Lezobidea kalea itxi egingo da, eta autobus geltokia Meipiko biribilgunera lekualdatuko da. Horrez gain, elkartasun kalejiragatik, alde zaharra itxita egongo da 12:00etatik 13:00etara.
Hilak 11
- 19:00etan, Kultur Aterpean.
- Poesia eta musika: Rifqa, Palestinaren ahotsa, Mohamedd el-Kurden liburua oinarri. Xalba Ramirez, Peru Galvete eta Rifqa euskaratu duen Eider Beobiderekin.
Hilak 13
- Azken ekitaldia, Meipin.
- 12:30: Palestinarekiko elkartasun kalejira, Santiago plazatik Meipira.
- 14:00: Herri bazkaria palestinar menuarekin.
- 16:00: Ekitaldia nagusia: Agurra, Palestinako dantzak eta haurren dantzak.
- 16:30: Musika palestinarra: Nur eta Ahmed.
- 17:30: Koiuntura + arte.
- 18:30: Kantaldia.
