Hemen da VIII. PDF
Gaur hasiko da Pasaiako Dantza Festibala. Jaialdiak Antxoko kaleak hartuko ditu igandera bitartean, eta lau egunez barrutia dantzaren epizentro bilakatuko da.
Hemen da Pasaiako Dantza Festibalaren (PDF) zortzigarren ekitaldia. Gaur hasiko da dantza ardatz duen jaialdia. PDFk Antxoko kaleak hartuko ditu gaurtik igandera bitartean, eta lau egunez barrutia dantzaren epizentro bilakatuko da. Urtero bezala, festibala ibiltaria eta kaletarra izango da, eta barrutiko bost txokotan gozatu ahal izango dira egitaraua osatzen duten 17 emanaldiak: Luzuriaga parkean, Skate harmailetan, Skate parkean, Ibaiondon eta Katuen Etxadian. Azken gune hori da aurtengo berritasuna.
Aurten dantza komunitarioa, lurraldearekin lotutako sorkuntza prozesuak eta sorkuntza berriak indartuko dituzte. Estreinaldiez, lehen sorkuntzez eta prozesuan dauden lanez ere gozatuko dute Antxora bertaratzen direnek. Ibilbide sendoa duten euskal konpainiak eta sortzaileak ere bilduko dira barrutian, eta tokiko eta hezkuntza arloko ehunak ere presentzia izango du PDFn, Iker Murillo Studio 24ren, Alkartasuna Dantza Taldearen eta Errenteria-Oreretako Herri Arte Eskolaren erakustaldiekin.
Gaur hiru ikuskizunez gozatu ahal izango da Antxon, den-denak Katuen Etxadian. Okupa proiektuak Zeharkatzen pieza interpretatuko du, 19:00etan. 19:30ean Itzel eta Marinaren Accroc obraren txanda izango da. Azkenik, 19:45ean, Amaia Elizaranek eta Neonymusek Iraun pieza dantzatuko dute.
Larunbatean eta igandean, gainera, food truck eta taberna zerbitzua jarriko dira Luzuriagan ikuskizunek irauten duten bitartean, bertako giroa sustatzeko. Hauexek dira ordutegiak:
- Larunbata: 12:00etatik 16:00etara eta 18:00etatik 00:00etara.
- Igandea: 12:00etatik 16:00etara.
Pasaiako Dantza Festibala
Hilak 11, osteguna
- 19:00: Okupa proiektuaren Zeharkatzen, Katuen Etxadian.
- 19:30: Itzel eta Marinaren Accroc, Katuen Etxadian.
- 19:45: Amaia Elizaran eta Neonymusen Iraun, Katuen Etxadian.
Hilak 12, ostirala
- 19:00: Aimar Odriozolaren Hau zulo hontan, Skate parkean.
- 19:30: Diskordiaren Henko, Skate harmailetan.
- 20:00: Haatiken Ioi, Ibaiondon.
- 21:30: Unity projecten Freestyle txapelketa, Skate harmailetan.
Hilak 13, larunbata
- 09:00: Yoga familian Arima Yogagunearekin, Luzuriagan.
- 12:30: Eskolen erakustaldia, Luzuriagan.
- 19:00: Osa + Mujikaren Tupper, Skate harmailetan.
- 19:15: Dani Hernandezen Cordoba Drone, Skate harmailetan.
- 20:30: Helena Wilhelmssonen Trembling Frequencies, Luzuriagan.
- 21:00: Hodei eta Albertoren Aatxe, Luzuriagan.
- 22:00: Oihana Vesgaren Sonus Fossio, Luzuriagan.
Hilak 14, igandea
- 12:00: Iker Murillo Studio 24ren Barra klasikoa, Ibaiondon.
- 13:00: Herri ekimena. Anakrusaren Garden, Luzuriagan.
